Iñaki Garmendia 'Laja trikitilari azkoitiarra hil da

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 12a, 15:02

Astebete ospitalean igaro ostean, gaur eguerdian hil da Laja, 74 urterekin. Landakandarekin osatu zuen trikiti bikotea urte luzez, eta hainbat disko kaleratu du mundu horretan aritu den 60 urteetan. Joan zen ekainean omenaldi beroa jaso zuen azkoitiarrak Aristerrazun.

Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944) trikitilaria hil da gaur, zapatua, eguerdian. Joan zen astean Aristerrazun (Aia, Gipuzkoa) ondoezak eman zion azkoitiarrari, eta orduz geroztik ospitalean izan da. Gaur hil da, 74 urte zituela. Laja baserrian jaioa, oso gazterik hasi zen trikitiaren munduan murgiltzen. Ramon Zubizarreta Landakanda pandero-jotzaile azkoitiarrarekin osatu zuen bikotea Lajak, eta plazaz plaza ibili ziren biak urte askoan. Bi musikariek disko ugari kaleratu zuten 1977 eta 1998 urteen artean. 2002an erretiratu zen plazetatik Landakanda, eta orduztik Mikel Alustizarekin osatu du trikiti bikotea; bi disko kaleratu zituen bikoteak: Eguzki begi (Elkar, 2002) eta Non zuztarra, han adarra (Elkar, 2009). Azkoitiarrak 60 urtetik gora eman ditu trikitiaren munduan murgilduta. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Lajari buruzko Laja, trikitixaren zubia disko-liburua kaleratu zuen 2016an, Soinuaren Liburtegia bildumaren barruan. Joxe Mari Iriondok idatzitako liburua Azkoitiko udaletxean aurkeztu zuten. Urte hartan bertan, Lajak eta Landakandak bota zuten Andremari jaiei hasiera eman zien txupinazoa. Joan zen ekainean, berriz, omenaldi beroa jaso zuen azkoitiarrak Aristerrazun; izan ere, erromeria denboraldiko azken emanaldian Andatzako Erromeria Elkarteak aitortza egin zion Lajari. Lajaren hileta elizkizuna astelehenean izango da, 19:00etan hasita, Azkoitiko parrokian.

Biharko erromeria bertan behera

Lajaren heriotza dela eta, harekiko "errespetuz" eta haren "oroimenez" Aristerrazun bihar, igandea, egitekoak ziren erromeria bertan behera utzi du Andatzako Erromeria Elkarteak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide