Ainhoa Peña: "Lortu dugu edozeinentzako moduko kirola izatea tenisa"

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 9a

Eskualdeko nahiz Gipuzkoa osoko tenis ikasle eta jokalari ugariren bilgune dira Txerloia Tenis Klubak kudeatzen dituen tenis pistak. Ainhoa Peña (Azkoitia, 1972) da klubaren gidarietako bat.

Ainhoa Peña. (Ane Olaizola) Ez da gaur sortutako taldea Txerloia Tenis Kluba. Nondik nora sortu zenuten? Anaitasuna Tenis Kluba izenpean sortu genuen elkartea bospasei lagunek. Duela 30 urte egin zituzten tenis pistak, eta handik gutxira sortu genuen kluba. Oso gaztea nintzen orduan, 16 urte izango nituen, eta laguntzaile moduan aritzen nintzen taldean. Garai hartan, txapelketa eta ikastaro batzuk antolatzen hasi ginen, batez ere asteburuetan eta uda partean. Gerora, bi lagun geratu ginen elkartean: Mari Karmen Zendoia eta ni, eta ordutik biok dugu klubaren ardura. Duela hamar urte Txerloia Tenis Kluba izena hartu zuen elkarteak, eta izena aldatzearekin bat hasi ginen tenis eskolak eskaintzen. Ordutik, zer bilakaera izan du klubak? Tenis eskolak martxan jarri genituenetik, ikasle kopurua hazten joan da. Pixkanaka, indar handia hartu dute eskolek, eta beraz, kluba bera ere handitzen joan da. Hasieran, udan egiten genituen tenis eskolak, eta gero ikasturte osora luzatu genituen. Gogoratzen naiz bi umerekin hasi ginela saioak eskaintzen, eta ondoren 30 izatera pasatu zen taldea. Poliki-poliki joan da hazten, eta ehun lagunera iritsi ginenean uste nuen orduan jo genuela gaina. Egun, ordea, 230 ikasle ditugu klubean, eta horietatik 200 umeak eta gazteak dira. Gehienak astean behin etortzen dira eskoletara, eta modu horretan moldatzen gara hiru pistetan kabitzeko. Badaude, ordea, federatuta daudenak eta txapelketetan lehiatzen direnak, eta horiek gehiagotan etortzen dira. Azkoitiarrak al dira guztiak? Tenis eskoletan, azkoitiarrak ez ezik, badaude legazpiarrak, matxinbentarrak, errezildarrak, aizarnazabaldarrak, azpeitiarrak... Horrez gain, tenisean jokatzera Gipuzkoa osotik etortzen dira. Tenis eskolak emateaz gain, txapelketak ere antolatzen dituzue urtean zehar. Denboraldian zehar bi txapelketa prestatzen ditugu, eta ikasturte amaieran Grand Slam jokatzen dugu. Antolatzen ditugun txapelketen artean, Azkoitiko Opena da garrantzitsuena. Izan ere, afizionatuen mailan jokatzen den Gipuzkoako txapelketarik zaharrena da hori. Aurreko edizioetan lehiatutako jokalariek gaur egun ere jarraitu egiten dute parte hartzen, eta hainbat herritako jokalariak elkartzen dira. Adibidez, Ataungo batek Zarauzko jokalari batekin joka dezake, eta oso adierazgarria da hori. Gainera, txapelketetan elkar ezagutu eta horietako asko Txerloiako pistetan jokatzeko geratzen dira gero. Ba al dago halako harrerarik duen beste tenis klubik inguruan? Horrenbesteko indarra duen beste klubik ez dago Urola bailaran. Urte asko daramatzagu lanean, eta uste dut erreferente garela eskualdean. Udalak aurtengo aurrekontuetarako onartu du tenis pistetako bat estaltzeko eta aldagelak egiteko partida. Aspaldiko eskaria al da lan horiek egitea? Bai. Izan ere, hiru pistez gain, ez dugu beste ezer gure jardunerako. Kanpotik etortzen diren askok dutxak eskatzen dituzte, eta haiek Elkargunera bideratzen ditugu guk. Ordea, horietako asko ez dira joaten hara: izan ere, herrigunera joan behar dute, ez dakite non dagoen Elkargunea... Asmoa da pisten ondoan aldagelak eta dutxak egitea. Pista estaltzeak, berriz, zertan lagunduko dizue? Euria egiten badu, Azkoitia BHIren eraikinera joaten gara ikastaroak ematera. Eskolak ematen ari garenean, ordea, bat-batean zaparrada hasten badu, arazoak sortzen zaizkigu: ume asko izaten ditugu eskoletan, eta gurasoak joanak izaten dira ordurako. Inguruan ez dago aterperik, eta beraz, behar dugu estalpe bat. Txapelketak jokatzeko orduan ere mesede handia egingo digu estalpeak. Izan ere, erabat baldintzatzen gaitu eguraldiak, eta euria egiten badu, ezin dugu norgehiagokarik jokatu. Jakinekoa da hemen euri asko egiten duela, eta jendeari gustatzen zaio kirola jarraitasun batekin praktikatzea. Beste hainbat azpiegitura lan ere egin dute azken urteetan, hala nola pistak berritu dituzte. Zergatik? Gutxieneko baldintzak edukitzea izan da udalari eskatu dioguna. Izan ere, uste dut komunik ez duen herriko klub bakarra gu garela. Ondoan dugu Txerloia futbol zelaia, eta hura irekita badago, hara joaten gara. Baina itxita badago, ahal dugun moduan moldatzen gara. Askotan, nahita ur gutxi edaten dut, arratsalde osoak hemen igaro behar ditudalako eta ez dudalako komunik inguruan. Umeak, berriz, zuhaitz atzeetara-eta joaten dira beraien eginkariak egitera. Ezin dugu egoera horretan jarraitu. Urtez urte umeen ikasle kopurua hazten joan dela diozu. Ba al dago harrobirik tenisean? Egun, klubeko 12 eta 14 urteko bi neska lehiatzen ari dira, eta emaitza onak ari dira lortzen. Pixkanaka, gainera, lehiatzea nahi duten umeen kopurua handitzen joango dela iruditzen zait. Elitistatzat jotzen da tenisa. Horrela al da? Bai. Guk lortu dugu edozeinentzako moduko kirola izatea tenisa, baina berez, bada elitista. Gainera, profesionala izatea nahi baduzu, dirutza ordaindu behar duzu: ona izateaz gain, zorte ona eta dirua eduki behar dituzu gorengo mailara iristeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide