Opariak eskatuz hartu dituzte Errege Magoak Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 5a

Ohitura den moduan, "ekarriko" oihu eginez hartu dituzte gaur iluntzean Errege Magoak azkoitiarrek. Hotzari aurre eginez , herriko kaleak goraino bete dituzte herritarrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar ikusteko, eta han bildutakoek gogo biziz eskatu dizkiete opariak haiei. Gainera, horiek botatako gozokiak amorratuta jasotzen aritu dira haur zein heldu. 19:30ak jotzearekin batera hasi da desfilea Santa Klaratik, eta Plaza Berria zeharkatu ondoren iritsi dira Errege Magoak herriko plazara. Han zituzten zain ehundaka lagun, eta udaletxeko balkoira igo direnean lehertu da poza. Izan ere, guztiek batera egin diete oihu Erregeei, eta askotariko opariak eskatu dizkiete. Gero, Kale Nagusian gora joan dira, eta Ibai Ondo kalea igaro ondoren, eliza atarian amaitu dute kabalkada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide