Argazkigintza digitalaren aroan, kamerak eta kameradun telefonoak esku-eskura izanda, klik eta klik, ahalegin berezirik gabe milaka irudi sortu eta barreiatzen direnean, kontrako bidea hartuta dabil Jon Andoni Martin (Azkoitia, 1964).
Argazkigintzaren hastapenetako teknika zaharrekin esperimentatzea du bereziki gustuko. Azkenaldian, kolodio hezearen teknika eta argazki estenopeikoak landu izan ditu eta lantzen ari da, gehienbat. Baina "bost edo sei" dira azkoitiarrak esku artean darabiltzan teknikak. Azkenetakoaren emaitzak dira bere webgunearen eta
maxixatzen.eus atariaren bidez berriki zabaldu dituenak: zuhaitz hostoetan eta lore orrietan inprimatutako argazki ikusgarriak.
Klorofila bidezko inprimatzea da erabiltzen ari den teknika; "berez, teknika erraza", Martinen hitzetan. Hosto bat, azetato paperean jasotako positibo bat eta ukipen xafla bat behar dira argazki bakoitza osatzeko. "Hostoa hartu, gainean argazki baten positiboa jarri, presioa egiteko kristalezko xafla, eta pintza batekin estutu behar da", dio Martinek. Eta, gero, eguzkitan jarri. Izan ere, eguzki izpiak ezinbestekoak dira prozesuan. "Ez da argazkia hostora itsastea –azaldu du argazkilariak–, eguzkia da irudia osatzen duena, argazkiaren atal argien klorofila jaten doan heinean. Irudia osatuta dagoenean, argazki positiboa kendu eta irudiaren atal ilunak hostoan geldituko dira. Erabili dugun argazkia kendutakoan hostoa eguzkitan utziz gero, oztopoa ezabatuta, eguzkiak hura ere jan egingo luke, klorofila guztia xurgatu arte".
Iraupen mugatuko lanak
Martinek dio "edozein hostok balio" dezakeela. "Nik kalean topatzen ditut; gustatzen zaizkidanak jasotzen ditut". Hosto mota bat edo bestea izan, aldea egon daiteke inprimatze prozesuan, baina eguzki orduak eta izpien indarra dira elementu garrantzitsuenak. "Egun eguzkitsuetan, nahikoak dira zortzi ordu irudi bat lortzeko. Eguzki handirik ez bada, ordea, agian bi edo hiru aste behar izaten dira".
Osagaien ezaugarriak tarteko, klorofila bidezko inprimatze lanak "iraupen mugatukoak" direla nabarmendu du egileak. "Bost bat hilabete dira hasi nintzela eta, momentuz, argazki denak daude bizirik. Baina badakit ez dutela oso luze iraungo".