Arte plastikoen Goiart txapelketan hirugarren saria eskuratu du Udane Juaristik

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 21a, 11:31

Udane Juaristi, saria jasotzen. IX. Goiart sariak banatu dituzte gaur goizean, Ordizian (Gipuzkoa), eta Udane Juaristi artista azkoitiarrak hirugarren saria eskuratu du, Pershing Square margolanarekin. Pintura soilik baliatu du artelana egiteko, eta dimentsio handiak ditu: 1,50 x 1,80 metro. Pertsona bat ibiltzen ageri da koadroan, eta eguneroko eszena arrunt hori artistak nola irudikatu duen baloratu du epaimahaiak. Haiek adierazi dutenez, gertaera hutsal bat "bisio fotografiko eta inpresionista batekin izoztu du" Juaristik. Horrez gain, kolorearekin "konposizio interesgarri bat" eraiki duela azaldu dute. 900 euroko saria jaso du azkoitiarrak. Juaristik berak adierazi duenez, argiei protagonismoa ematen saiatu da, eta horiek pertsonaiaren arropetan nola islatzen diren landu du. "Horrek koloreak intentsifikatzen ditu, eta indarra ematen dio lanari". Pintzelkada solteen bidez egin du margolana, mugimendua nabarmentzeko. Horrez gain, zati batzuk hutsik utzi ditu, konposizio hori "interesgarria" iruditu zaiolako. Azkoitiarrak txapelketara margolan bat aurkeztu duen arren, arte plastikoen barruan sartzen den edozein lan onartzen dute: margolanak, eskulturak, bideoak... Denak elkarrekin baloratzen ditu epaimahaiak, eta horien artean hiru sari ematen dituzte. Aurtengo edizioan, Pablo Astrainen margolan batek irabazi du lehen saria, eta Amaia Santamariaren bideo batek bigarrena. Udane Juaristi saritutako lanaren aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide