Itxura berria hartuta, ateak irekitzear da Azkoitiko Matadeixe

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 19a, 13:23

Matadeixek orain arte izan duen itxura (Argazkia: Beris Txokondo) Itxura propioa zein berezia izan du Azkoitiko Matadeixek duela 22 urte herriko gazte batzuek hango ateak ireki zituztenetik eta hiltegi zenari bizi berria ematen hasi zirenetik. Mataidexez galdetuta, bati baino gehiagori etorriko zaizkio burura hango horma horiak, han itsatsitako egur zatiak zein objektuak, zurezko barra... Horiek guztiek eta beste hamaika ezaugarrik janzten zuten orain arte Matadero Ekintzak taldeak kudeatzen duen espazioa, baina guneak bestelako itxura hartuko du laster. Izan ere, hango kideek Mataideixeren dekorazioa aldatu eta lekua itxuraberritu dute. Dena den, hala aurreratu dute: "Matadeixeren bereizgarri ziren objektuak mantenduko ditugu, eta horietako batzuk zaharberritu egin ditugu, guneak bere betiko nortasuna izaten jarrai dezan". 1984an hasi ziren herriko musika taldeak Matadeiko lokaletan entseatzen, baina eraikinak berak mende osoa beteta du dagoeneko. Hori hala, hango sistema elektrikoa "zaharkituta" zegoen, eta segurtasuna bermatu nahian, kableak berritzen hasi ziren joan zen udan. Ondorengo lan guztiak, berriz, errenkadan etorri direla aipatu dute kideek: "Kableak aldatu genituenean, pentsatu genuen ondo legokeela ur sistema aldatzea. Horretarako, barra kendu behar genuen, eta behin barra kenduta, pentsatu genuen Matadeixe itxuraberritzeko probestu genezakeela unea". Sistema elektrikoa berritzea izan da egin duten lanik garrantzitsuena, baina barra berria jarri dute, eta hori da, kideen hitzetan, egin duten aldaketarik ikusgarriena. "Barrak berak eskultura bat dirudi, eta beste era batera egituratu dugu eremu hori. Soinu mahaia, esaterako, ez da lehengo lekuan egongo". Dena den, beste hamaika obra ere egin dituzte azken hilabeteetan: "Barruko horma guztiak margotu eta paretak estaltzen zituzten egur guztiak kendu ditugu. Horrez gain, guztia txukundu dugu, eta agertokian argi eta bafle berriak jarri ditugu. Era berean, leihoen kristalak aldatu eta gortinak jarri dizkiegu, argi gehiago sar dadin barrura". Eraikineko hainbat elementu ere berriak izango dira, eta besteak beste, sarrerako atea mural batek apainduko du. Aretoa ez ezik, gainera, sukaldea ere margotu egin dute. Ekainaren amaieran Matadeixeren 22. urteurrena ospatu ondoren hasi zituzten lanak eraikinean, eta ordutik buru-belarri ibili dira zeregin horretan. Nabarmendu dute lan guzti horiek "boluntarioak" izan direla, eta horregatik, nahi baino gehiago luzatu zaizkiela. "Matantroko lagunak ere asko inplikatu dira, eta gainontzean, bakoitzak dakien hori egiten lagundu du. Kontuan izan behar da, ordea, pertsona horiek beste lan batzuk dituztela, eta beraz, denbora librean egin dugula lan". Hain zuzen ere, lan horiek tarteko, Mataidexe Ekintzaken programazioak etena izan du, eta ohi baino beranduago hasiko dute sasoi berria. "Normalean, irailean hasten dugu denboraldia, baina luzatu egin dira lanak, eta aurten abenduan hasiko dugu". Izan ere, azken lanak egiten ari dira egun, eta bost hilabeteetako lanen ondoren, hilaren 29an zabalduko dizkio Matadeixek berriz publikoari ateak. Ohikoa den moduan, zuzeneko musikak girotuko du egun horretan etxea, eta, 22:30ean, Ro etxeko taldearekin eta Kuartz Ipar Euskal Herriko bikotearekin inauguratuko dute Matadeixe eraberritua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide