Ainara Goenaga eta Azkoitiko EH Bilduko kideak, alkategaiaren aurkezpen ekitaldian. (Ane Olaizola)
Azkoitiko EH Bilduk badu datozen udal hauteskundeetarako alkategaia. Ainara Goenaga azkoitiarra izango da koalizioaren zerrendaburua, EH Bilduren hauteskunde batzordeak nahiz gaurko batzar irekira bertaratu diren herritarrek aho batez hala erabakita.
Goenagak 39 urte ditu, eta Humanitate eta Enpresa Zinetzietan lizentziatua eta Administrazio eta Finantzen goi mailako teknikaria da. 2005az geroztik, Gipuzkoako Urak SAn egiten du lan, bezeroen arreta zerbitzu eta administrazio alorretan. Herriko politikiagintzan ez da berria Goenaga; izan ere, 2015etik EH Bilduren udal taldeko zinegotzia da.
Gaur arratsaldean aurkeztu dute hautagaia Elkargunean, eta dozenaka lagun izan dira bertan. Alkategaiak hitza hartu du ekitaldian, eta nabarmendu du koalizioaren indargunea “lantaldea" izango dela. "Gogoz eta ilusioz, baina errespetuz" hartu du ardura azkoitiarrak, "erronka handia" dutelako aurrean. "Beste balio batzuetan oinarritutako proiektu herritarra eraiki nahi dugu: pertsonak erdigunean izango dituen Azkoitia".
Horretarako udal kudeaketan "berriz ere" herritarren parte hartzea txertatuko dutela adierazi du: "Herri bizi bat izatea nahi dugu, eta hori posible da. Azken urtebetean ikusi ahal izan dugu hori, herritarrek antolatu dituzten egitasmoekin, hala nola Marea Urdinarekin, Herrikoloreakekin, Instalakuntza Duinak Orain plataformarekin, Martxoaren 8ko mobilizazioekin edo Floreagako bizilagunen ekimenarekin". Goenagaren ustez, udalak horren guztiaren isla izan behar du.
"Herritarrekin elkarlana"
EH Bilduk udalaren lan egiteko modua "aldatuko" duela ere esan du. "Elkarteekin eta herritarrekin elkarlana sustatuta, horien beharretara egokitutako politikak gauzatuko ditugu". Gainera, herriko erdiguneaz harago, auzoetako bizilagunei entzun egingo dietela eta horiekin hartu-emanak indartuko dituztela esan du. "Herriko arazoei arduraz heldu, eta azken lau urteotan alde batera utzi diren gaiei behar duten garrantzia emango diegu: langabezia, etxebizitza arazoa, emakumeen eta gizonen berdintasuna, dendari txikiak, lehen sektorea, ingurumena, kulturaniztasuna eta kultura". Dena den, Goenagak adierazi duenez, hitzetatik ekintzetara pasatzeko "ezinbestekoa" izango dute herritarren babesa.
EH Bilduren alkategaiak Pello Bastarrika eta Urrategi Alberdi Bilduko alkate ohiei eskerrak eman dizkie, berarentzat “eredu" direlako. Eta zorionak eman dizkio Josu Juaristiri, EH Bilduren Europako Parlamenturako hautagai izango delako.
Iraitz Otaño Azkoitiko EH Bilduren udal bozeramaileak alkategaia emakumea dela nabarmendu du: "Munduan zehar ozen entzuten dugu emakumeen garaia iritsi dela, eta gurean ere hala gertatu da". Haren ustez, "azken urte ilunen" ostean, Azkoitiko alkatetzan "haize freskoa eta gaztea" sartzeko garaia da.