Santa Kutzeko komentua, Azkoitian. (Ane Olaizola)
Gaur-gaurkoz, hutsik daude Azkoitiko komentu guztiak. Iaz Santa Klarako mojen etxea itxi ondoren, Santa Kutz auzokoa zen martxan jarraitzen zuen komentu bakarra. Duela hilabete inguru, ordea, hango mojak beste leku batzuetara lekualdatu, eta komentu horren ateak ere itxi egin zituzten. Hain zuzen ere, komentuaren itxierak ezustean harrapatu ditu herritar asko, eta itxieraren prozesuak berak zeresana piztu du herrian. Hori hala, eman diren pausoak argitzeko asmoz, hainbat ate jo du Urola Kostako Hitzak, eta Gipuzkoako gotzaindegiarekin eta Azkoitiko elizbarrutiarekin hitz egin du.
Brigiden komentua da Santa Kutzekoa, eta 1691az geroztik klausuran bizi izan dira kongregazio horretako mojak Azkoitian. Urriaren amaieran, baina, Vatikanoaren aginduz itxi zuten komentua, eta han bizi ziren mojetako batzuk kongregazio bereko beste monastegi batzuetara bidali zituzten, hala nola Lasartera eta Palentziara (Espainia); beste hiru moja, berriz, beraien sorterrira, Mexikora, itzuli dira.
Gotzaindegiak adierazi duenez, Santa Kutzeko komentua ixteko orduan prozesu kanonikoa jarraitu dute: "Vatikanoaren eskariz, bisita apostolikoa deritzona jaso zuten hango mojek, eta bisitariak monasterio hartako egoera ikusi eta aztertu zuen. Lan hori eginda, bisitariak bere ustez egokiena zen erabakia hartu zuen". Hain zuzen ere, monasterioa ixtea ebatzi zuen bisitariak, eta erabaki hori hartuta, Vatikanoaren dekretuz hustu zuten mojen etxea.
Egun, komentu askok dute beraien geroa kolokan, eta Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoa jakitun da horretaz. Haren arabera, ordea, «ezohiko» prozesua da Santa Kutzeko komentuan segitu dutena. "Ohiko prozesu batean, mojek Vatikanoari eskatzen diote komentua ixtea eta beraiek beste leku batera eramatea. Hori gertatu zen, esaterako, Santa Klaran. Santa Kutzen, ordea, ez da halakorik izan, eta amaiera apur bat traumatikoa izan du", gaineratu du. Azkoitiko apaizak izan du harremanik Santa Klarako mojekin, baina aitortu du ez dakiela zergatik itxi duten komentua. Dena den, horretarako arrazoi asko egon daitezkeela adierazi du: "Ziurrenik, hango egoera ez zen ona izango, baina ez dut uste ezer berezirik gertatu denik. Monasterio asko daude ixteko arriskuan, bokaziorik ez dagoelako, mojek urte asko dituztelako... Batzuetan, mojen nahia izaten da nola edo hala aurrera egitea eta komentua irekita edukitzea, baina zaila izaten da".
Azurmendik gogoratu du, gainera, "usteak" ezin direla "egiazkoak" bailiran adierazi, eta herrian zabaldu den hainbat zurrumurru ere gezurtatu du. Hala ere, onartu du ulergarria dela herritar batzuek duten sentipena: "Mojek laguntzaileak zituzten, eta inguruko bizilagunekin bazuten harremana. Pertsona horiek ez zituzten itxieraz informatu, eta bat-batean jakin zuten komentuak hutsik geratu behar zuela. Mojak negarrez ere ikusi zituzten, eta giro horretan, zurrumurruak, tentsioak eta haserreak sortu dira". Apaizaren iritziz, «penagarria» da komentua modu horretan ixtea eta herrian mojei agurrik ez egitea.
Ingurukoen minaren jatorria, gainera, lehenagotik datorrela aipatu du apaizak. Izan ere, joan zen otsailean, Santa Kutzeko abadesa Valladolidera (Espainia) lekualdatu eta beste pertsona bat jarri zuten. Harrezkero, ordura arteko abadesarekin harremanetan jartzen saiatu da hainbat lagun, Azurmendik azaldu duenez: "Neuk ere deitu nuen Valladolideko komentura, ordura arte abadesa izan zena agurtzeko asmoz. Baina ez zidaten harekin hitz egiten utzi. Ez dut uste borondate txarrez egin zutenik; beharbada moja penatuta zegoelako egingo zuten. Baina gizarte zibilean eta Elizan oinarrizko giza eskubide urraketa eta errespetu falta da hori. Pertsona heldu bati elkarrizketa ukatzea onartezina da XXI. mendean. Horregatik guztiagatik, askok irudipena dute mojak ez dituztela ondo tratatu".
Gipuzkoako gotzaindegiak, bere aldetik, azpimarratu du monasterio bakoitzaren itxiera prozesuak bere erritmoa izaten duela, eta komunitateak dituen ezaugarrien eta egoeraren araberakoa izan ohi dela gaineratu du. "Ez dago zehaztuta zenbat denboran itxi behar den komentua, eta ezin da beste kasuekin alderatu".
Erabakirik ez geroaz
Bien bitartean, Azkoitiko komentuen etorkizuna airean dago. Santa Klarako komentua hutsik dago iazko abenduaz geroztik, hango klaratarrek Oñatiko Santa Ana komunitatearekin bat egin baitzuten. Moja haien nahia zen komentua eta hango lur sailak herriari uztea, beti ere ondasun horiek negozioa egiteko ez erabiltzekotan. Horretarako, ordea, Vatikanoak eman behar du baimena, baina ebazpenik ez dago oraingoz.
Santa Kutzi dagokionez, berriz, eraikina hustuta badago ere, kongregazio horren esku jarraitzen du etxeak. Gotzaindegiak jakinarazi duenez, brigidek oraindik ez dute erabaki beste moja batzuei etxea utzi edo ez. Dena den, kongregazioa "aukera desberdinak" aztertzen ari dela adierazi du Gipuzkoako elizbarrutiak.