Azkoitiko Udalak prozesu parte-hartzailea hasiko du Adikzioen Prebentzio Komunitarioari buruzko Udal plana eta Osasun Mahai Komunitarioa sortzeko. Horien xedea da "gurasotasun baikorra" lantzea eta herritarrak bizimodu aktibo eta osasuntsuago batera hurbiltzea. Horretarako, adin ezberdinetako herritarrei zuzendutako hainbat ekintza antolatu ditu erakundeak. Udalak azaldu duenez, urrian zehar 12 urte arteko seme-alabak dituzten familiek "gurasotasun baikorraren galdetegia" bete zuten, eta emaitza horiek ezagututa ekingo diote parte-hartze prozesuari. Hasteko, abenduaren 17an, Azkoitiko familietako kideei zuzendutako saio ireki bat egingo du Udalak Elagunean, 18:00etan hasita. Besteak beste, egitasmoaren nondik norakoen berri eman eta urrian egindako galdeketetako emaitzak aurkeztuko dituzte. Saio horretan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrezizena ematea. Honako lotura
honetan, 646 339 714 telefono zenbakira deituta edo
formacion@dirdira.org helbidera idatzita egin daiteke izen-ematea.
Halaber, helduei zuzendutako galdetegi anonimoa prestatu du Azkoitiko Udalak. Adinekoen artean bizimodu osasuntsua bultzatzeko eta beren iritzia jasotzeko diseinatu dute galdetegia. Hain zuzen, adikzioen prebentzioen inguruko galdetegia da prestatutakoa. Azkoitiko Udalaren webgunean erantzun daiteke, eta abenduaren 21a izango da galdetegia betetzeko azken eguna.
Azkoitiko eskoletako 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoekin ere lanketa egingo du Udalak. "Azkoitia biziagoa eta osasuntsuagoa" nola irudikatzen galdetuko diete gazteei tailerren bitartez 13 eta 18 urte bitartezko gazteei beste galdetegi bat egingo diete. Bertan, "drogen, zorizko jokoen, bideo-jokoen, sare sozialen eta orokorrean kontsumo edo ohitura batzuen arriskuaren pertzepzioari buruz" galdetuko diete. Galdetegiak anonimoak izango dira. Udalak esan duenez, "helburua da Adizkioen Prebentzio Plana hobeto gidatzeko gaiari buruzko gazteen pertzepzioa zein den jakitea". Galdetegia abenduan zehar egingo dute, eskola orduetan.