Fortepiano bat. (Hitza)
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ekitaldi berezia antolatu du larunbaterako. Izan ere, XVIII. mendeko fortepianoa aurkeztuko dute Intsausti jauregian, hura eraberritzeko lanak amaitu ondoren. Elkarteak 2015ean bereganatu zuen musika tresna hori, baina hondatuta zegoela eta, Italiako Umberto Debiaggi lantegiak konponketak egin ditu azken urtebetean.
Larunbatean, 11:30ean hasiko da aurkezpen ekitaldia jauregian, eta besteak beste, Juan Bautista Mendizabal elkarteko Gipuzkoako lehendakariak eta Esteban Elizondo adiskide numerarioak hartuko dute hitza. Horrez gain, Umberto Debiaggi zahaberritzaileak ere lanen berri emango du. Era berean, musikak tarte berezia izango du aurkezpenean.
Juan Antonio Garmendia elkarteko kide zenaren familiak dohaintzan emandako musika tresna da eraberritu eta larunbatean aurkeztuko dutena. Elkarteak adierazi duenez, "ondare garrantzitsua" hartu zuen elkarteak duela hiru urte; Broadwood etxeak, 1788. eta 1800. urte bitartean, Erresuma Batuan egin zuen fortepianoa, eta elkarteak azpimarratu duenez, balio historiko handia du, besteak beste, Espainiako Estatuan ez dagoelako gisa horretako beste musika tresnarik. "Elkartearen Gipuzkoako saileko musikari adituen iritziz, tresnaren taula harmonikoaren egoera onak soinuaren kalitatea bermatzen du, baina hori lortzeko beharrezkoa izan da musika tresna zaharberritzea", azaldu du. Elkartearen arabera, "kostu handia" izan du prozesuak, eta Italiako etxeak, besteak beste, fortepianoa osorik desmuntatu behar izan ditu hura konpontzeko.