ARGAZKI BILDUMA: Giro bikainean hasi dute Azkoitian San Andres eguna

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 30a

Goizean hasita, festa giroa da nagusi Azkoitian; izan ere, gaur, azaroak 30, San Andres egunean murgilduta dabiltza herritarrak. Eguraldia ederra izan da goiz eta eguerdi partean, eta jendetza izan da herri kirol saioa ikusten, azokako postuetan erosketak egiten nahiz plazako postuetan taloak eta txorizo pintxoak dastatzen. Usadioari jarraituz, baserritarrez jantzi da hainbat herritar. Balda plazan eta Plaza Berrian hainbat postu jarri dituzte artisauek-eta, eta jende ugari aritu da horietan erosketak egiten. 12:00etan, hasita, berriz, herri kirol erakustaldiak hartu du plazaren erdigunea. Aizkoran aritu dira Larrañaga azpeitiarra eta Txikia IV. azkoitiarra, eta harrijasotzen Goikoetxea, Goenatxo III.a azkoitiarra, Karmele Gisasola eta Udane Ostolaza. Gainera, giroa alaitzen ibili dira Txalkor txistulari taldeko kideak eta herriko hainbat trikitilari. Urtero legez, marrazki lehiaketan parte hartu dute dozenaka gaztetxok, eta eguerdian egingo dute sari banaketa ekitaldia. Hona hemen goiz eta eguerdi parteko irudi batzuk:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide