'Etxeko saltsak' antzezlana eskainiko dute larunbatean Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 29a, 16:33

Sonia Vazquez zinegotzia, Xabier Agirre Txalo Produkzioko kidea eta Mikel Laskurain aktorea, gaur, aurkezpenean. (Azkoitiko Udala) Txalo Produkzioak Etxeko saltsak antzezlana taularatuko du larunbatean, abenduaren 1ean, Azkoitiko Baztartxo antzokian. 19:30ean hasiko da komediazko lana, eta sarrerak ordubete lehenago jarriko dituzte saltzen, antzokiko leihatilan bertan. Bertaratzen direnek 8 eurotan erosi ahal izango dituzte sarrerak. Bikote batzuen harremana du oinarri zapatuan eskainiko duten endreduzko komediak, eta honako hauek dira obraren aktoreak: Ane Gabarain, Aitziber Garmendia, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino. Gaur, asteazkena, aurkeztu dute antzezlana udaleko eta obraren ordezkariek Azkoitian, eta Laskurain aktoreak eta Xabier Agirre Txalo Produkzioko kideak adierazi dute "plaza maitatuenetako bat" dutela Azkoitia. Duela urte eta erdi estreinatu zuten antzezlana, eta Euskal Herriko eta Espainiako hainbat lekutan eskaini dute tarte horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide