Eguerdian, ikasleek hartuko dute herriko plaza beste urte batez. (Ane Olaizola)
Datorren astelehenan, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da, eta ohi bezala, Azkoitiko Euskara Mahaiak hainbat ekimen antolatu du egun horretarako. Beste urte batez, goizean eta arratsaldean herriko plaza hartuko dute ume, gazte zein helduek, eta aurtengoan modu berezia eramango dute euskararen aldeko aldarria. Izan ere, Euskaraldiarekin azken eguna izango da astelehena, eta Euskal Herrian egiten ari diren ariketa soziala agutzeko baliatuko dituzte orduko ekitaldiak.
Aurreko urteetan bezala, goizeko ekitaldian umeak eta gaztetxoak izango dira protagonistak. Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga ikastetxeko eta Azkoitia BHIko ikasleak herriko plazan elkartuko dira, 11:30ean. Ohi bezala, pankartak eramango dituzte hara, eta udaletxeko balkoian zintzilikatu dituzte. Era berean, Javier Zubizarreta alkateak harrera egingo diete ikasleei, eta horiek irakurraldia ekimena egingo dute plazako oholtzan. Gainera, ikasleek
Ahobizi pegatinak eramango dituzte soinean.
Arratsaldean, berriz, euskararen egunaren eta Euskaradiaren itxiera ekitaldia egingo dute plazan. 18:30ean, manifestua irakurriko dute Euskaraldiaren Azkoitiko Hamaikakoa osatu zuten bi bidek, eta han elkartzen diren
Ahobizi eta
Belarriprest guztiek argazkia aterako dute segidan.
Udalak jakinarazi duenez, Azkoitian 2096 lagun ari dira parte hartzen Euskaraldian. Gaur, gainera, Euskararen Nazioarteko Egunerako EAJk prestatu duen adierazpen instituzioanala jorratuko du udalbatzak. Izan ere, osoko bilkura egingo dute 19:00etan, eta han bozkatuko dute mozioa.