Lasterketaren antolatzaileak eta laguntzaileak, gaur, probaren aurkezpenean. (Ane Olaizola)
Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta, XIV. Azkoitiko Herri Lasterketa jokatuko dute herriko kaleetan zehar, eta antolatzaileek prest dute dagoeneko proba. Gaur, zapatua, jakinarazi dituzte lasterketaren nondik norakoak, eta norgehiagoka ohiko moduan jokatuko badute ere, aurtengo edizioak izango du berezitasunik; izan ere, antolatzaileek Pedro Muñoz korrikalaria omenduko dute proba hasterako. Azkoitiarrak 10.000 metroko
Euskadiko Txapelketa irabazi zuen joan zen hilean, eta bere azken garaipenarengatik zein ibilbide osoarengatik egingo diote aitortza korrikalariari.
Ohi bezala, San Andres festen barruan jokatuko dute Azkoitiko Herri Lasterketa. Hurrengo larunbatean, 16:30ean hasiko da proba, plazan, eta korrikalariek itzuli txiki bat eta bi handi egingo dituzte herriaren barruan, guztira hamar kilometroko ibilbidea osatuz. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute han, eta antolatzaileek adierazi dutenezk, gehienez 350 lagunentzeko lekua izango da. Iaz bezala, 300 lagun ingurura iristea espero du taldeak, eta korrikalariek
herrikrosa.eus helbidean eman dezakete izena, 10 euroren truke. Egunean bertan ere egongo da horretarako aukera, lasterketa hasi baino ordubete lehenago arte, baina korrikalariek 15 euro ordaindu beharko dute orduan.
Boluntarioen beharra
Urtero bezala, Raka Maraton taldeak eskerrak eman dizkie lasterketaren laguntzaile eta babesle guztiei, eta gaineratu dute aurten ere boluntarioen laguntza beharko dutela probak irauten duen bitartean. Horretarako interesa duten guztiei dei egin die 15:30ean plazara ager daitezen.
Lasterketaren aurreneko hiru postuetan sailkatzen direnek, lehen beterano eta juniorrek zein taldeko azkarrenek oroigarri bana jasoko dute, eta proban lehiatzen diren guztiek askotariko produktuez osatutako poltsak jasoko dituzte. Era berean, "sari ugari" zozkatuko dituzte guztien artean.