Zor kitatze bat atzoarekin

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 15a

'Munduko tokirik ederrena' bere lehen ipuin liburua plazaratu du Iñigo Aranbarri azkoitiarrak. Memoriaren eta gaurraren arteko espazioan eratu ditu istorioak. 'Berria' egunkariak argitalpenaren berri eman du.

Atzoko aurkezpeneko irudia. (Susa) "Nola bizi atzoko guztiak gero eta pisu handiagoa hartzen didan honetan?". Galdera horrek denbora luzez erre du Iñigo Aranbarri (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963), eta hari emandako "erantzun posibleetako bat" bezala aurkeztu du Munduko tokirik ederrena, bere estreinako ipuin liburua: "Zor kitatze bat izan da iraganarekin". Historia oso urruneko denbora bada, gertuago dagoen espazio bat da memoria idazlearentzat. "Memoriak ia-ia zainen bat ukitzen digu, oraindik min ematen digun zerbait da". Baina memoriaren eta gaurko egunen artean badago beste espazio bat Aranbarrirentzat: atzoa. Eta hor erein ditu liburua osatzen duten hamar narrazioak. "Memoriatik honantz dagoen tarte hori da atzo. Bizitakoa ekartzen lagundu izan didaten helduleku horiek badoaz, eta, horren aurren, erantzun bat da liburua. Nik ez dakit orainean moldatzen atzokorik gabe". Anari adiskidea aldamenean zuela aurkeztu zuen Aranbarrik liburua, atzo. Azkoitiarrak dira biak, nahiz eta kanpoan bizi diren aspaldi. "Azkoitian edo eskualdean ikusi dituen, entzun dituen hainbat gauzak habia egin diote Iñigori buruan, eta horiek azaldu ditu liburuan", laburtu zuen kantariak. Badoan garai bat deskribatu du egileak ipuinetan, baina hura ederretsi gabe; ez dago nostalgiarik. "Lehengo gauzak egiten azkena izatearen beldurra" aipatzen du liburuko pertsonaia batek, eta narrazioaren ahotsa hor datzala esan zuen Anarik. Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide