Gaur, asteazkena, kaleratu dute Josu Izagirre eta Manuel Pedreira
De Miguel auziko fiskalek epaiketaren behin betiko ondorioen txostena, eta deklarazioen txanda bukatuta, frogatutzat jo dute Alfredo De Miguel Arabako EAJko bigarren arduradun nagusi ohiak enpresa sare bat sortu zuela, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria EAJko arduradun ohiekin batera. Fiskalen arabera, kontratu publikoak esleitzearen truke legez kanpoko komisioak kobratzeko sortu zuten sarea, eta De Miguelek horretarako "harreman politiko edota administratiboak" baliatu zituela ondorioztatu dute.
Auzipetuta dauden 26 lagunetzako zigor eskaerak ere jakinarazi dituzte, eta horien artean da Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako goi kargu izandako azkoitiarra. Juan Jose Ibarretxeren gobernuan, 2003ko uztailetik 2009ko maiatzera bitartean, Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zen Larrañaga, eta Alfredo De Miguel EAJko buruzagi ohiak ustez gidatzen zuen enpresa sare ustelari mesede egitea leporatuta epaitu dute. Ustez Francisco Javier Sanchez Robles sasoi hartako Gazteria eta Jardun Komunitarioko Sailaren zuzendariaren jarduna ez kontrolatzeagatik, hasiera batean 17 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskaltzak harentzat; dena den, gaur kaleratutako ondorioen txostenean jasota dagoenez, fiskalek espetxe zigorraren ordez hamar urteko inhabilitazioa eskatu dute harentzat.
Joan zen
urriaren 25eko auzi saioan deklaratu zuen Larrañagak. Hark fiskaltzaren eta abokatuen galderei erantzun zien, eta ukatu egin zituen leporatzen zitzaizkion ardurak. Kultura eta Gazteria Sailak De Miguelen ustezko sare ustelari esleitutako hogei kontratu ingururi buruz galdetu zion fiskalak Larrañagari, 2006 eta 2009 urteen artean Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei zuzenean esleitutako kontratuez hain zuzen ere, eta kasu gehienetan ez dago kontratuan jasotakoa bete izanaren frogarik. Larrañagak saioan azaldu zuenez, bera “orri soil bat” sinatzera mugatzen zen, kontratuan jasotzen zen gastua baimentzeko, eta haren arabera, prozedimendu osoaren hasiera besterik ez zen hori. Sailburuorde ohiak gaineratu zuen kontratuaren proposamena, enpresen hautaketa eta hitzartutakoaren jarraipen eta kontrola Gazteria zuzendaritzaren ardura zela. Sailburuordetzak eta haren menpeko lau zuzendaritzek era horretan lan egiten zuten, Larrañagaren esanetan. Berak prozedura horrekiko eta lantaldearekiko konfiantza zuela nabarmendu zuen.
Fiskaltzak kaleratutako behin betiko ondorioen txostenaren gaineko informazio gehiago,
Berria.eus-en.