'Munduko tokirik ederrena' narrazio liburua aurkeztu du Iñigo Aranbarrik

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 14a, 16:00

Gaur aurkeztu du lana Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Hamar kontakizun bildu ditu Susa argitaletxearekin kaleratu duen lanean. Egileak esan duenez, "zor kitatze bat" izan da liburua.

Aurkezpeneko irudia. (Hitzen Uberan) Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak Munduko tokirik ederrena narrazio liburua aurkeztu du gaur, asteazkena, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Hamar kontakizun bildu ditu Susa argitaletxearekin argitaratu duen lanean, eta egileak esan duenez, "zor kitatze" bat izan da liburua: "Uste dut iraganarekin zor kitatzen bat dela, baina arazoak izan ditut iragana non jarri erabakitzeko". Idazleak historiaz eta memoriaz hitz egin du, besteak beste, aurkezpenean. "Askotan hitz egiten dugu historiaz, guretzat urrun dagoen horretaz. Gertuago dugu memoria, eta memoriak nolabait ere zainen bat ukitzen digu, emozioak eragiten dizkigu. Memoria historia da, baina, neurri batean, errebotez, bigarren belaunaldiz bada ere, mina ematen digun zerbait da". Idazleak azaldu duenez, historiaren eta memoriaren artean kokatu nahi izan ditu osatu dituen istorioak: "Memoriaren eta gaurko egunaren tartean bada beste espazio bat, eta nik nahi nuen hor izan zezatela istoriek abiapuntua. Tarte hori atzo da. Eta noiz da atzo? Atzo da memoriatik hona dagoen tarteko hori, eta ipuin hauek atzo horretan daude kokatuta". Izan ere, Aranbarrik adierazi du ez dakiela orainean moldatzen atzokorik gabe. Munduko tokirik ederrena liburuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du Anari abeslari azkoitiarrak. Hona hemen, Hitzen Uberanek gaurko aurkezpeneko irudiekin osatu duen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=paSA9CB-SS4&feature=youtu.be

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide