Fernandez eta Martin, txapelketaren aurkezpenean. (Ane Olaizola)
Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta, XXIII. San Andres Saria jokatuko dute abenduaren 2an, eta izen-emate epea zabalik da dagoeneko. Jose Luis Fernandez Anaitasuna Kakuteko lehendakariak eta Angel Martin udaleko Kirol zinegotziak joan den ostiralean aurkeztu zuten txapelketa taldearen egoitzan, eta aurtengo norgehiagoka "arrakastatsua" izango dela aurreikusi dute antolatzaileek.
Euskal Herri osoko nahiz atzerriko xakelariek parte hartu ohi dute txapelketan, eta horiek hilaren 30eko 20:00etara bitartean eman dezakete izena, Anaitasuna Kakuteren
webgunean dagoen galdetegia beteta. Fernandezen arabera, dagoeneko dozenaka lagunek eman dute izena, baina gehienek azken astean egiten dutela aurreratu du. Iaz, 113 lagun lehiatu ziren San Andres Sarian, eta aurten xakelari gehiago espero dituzte, besteak beste "laguntzaile gehiago" lortu dituztelako. Hori hala izanik, aurtengo txapelketaren arrakasta "bermatuta" dagoela adierazi eta 200 xakelari hartzeko prest daudela azpimarratu dute.
Antolatzaileen arabera, abenduaren 2a "egun handia" izango da xakearentzat. 10:00etan hasiko dira norgehiagokak, Elkargunean, eta xakelari bakoitzak bost minutuko hamar txanda jokatuko ditu. Guztira, 50 sari banatuko dituzte xakelarien mailen eta adinen arabera, eta guztien artean hainbat sari zozkatuko dute. Beraz, San Andres Saria txapelketa "ezin hobea" da xake zaleentzat, taldeko lehendakariak azpimarratu duenez: "Sari asko eta onak daude, eta xakelari askoren artean banatzen ditugu. Gainera, izen-ematea merkea da, txapelketa jokatzen dugun aretoa, berriz, oso egokia, eta giro ederra egotean da. Zer gehiago eska genezake? Guztiek dituzten aukerak; horrek guztiak egiten du txapelketa arrakastatsu".
Anaitasuna Kakute xake taldeak honako talde eta erakunde hauen babesa jaso du txapelketa antolatzeko: Azkoitiko Udala, Danobat S. Coop., Sidenor, Avia, Eroski, FGA, Orbela, Rural Kutxa, ETK, Tienda Azul, Nho eta Olan Arkitektura, eta horien laguntza eskertu du.