Udaleko eta hainbat erakundetako ordezkariak, atzo, aurkezpenean. (Ane Olaizola)
Azkoitiko Udalak eta herrian lan egiten duten hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek Garapenean Bidelagun egitasmo solidarioa antolatu dute beste urte batez, eta azken horien lana gizarteratzeko eta herritarrak pobreziaren inguruan sentsibilizatzeko ekintzak prestatu dituzte datozen egunetarako.
Atzo, osteguna, aurkeztu zuten egitasmoa Nekane Larrañaga Gizarte Ongizateko zinegotziak eta han pare hartuko duten erakundeetako batzuek. Aurten, Azkoitian lan egiten duten honako zortzi Gobernuz Kanpoko Erakunde hauek batu dira ekimenera: Gazteak eta Garapena, Behar Bidasoa, Esku Bidez, Lumaltik, The Direct Help, Mundu Solidarioa Helburu, Bidezko Merkataritza eta Acoes. Antolatzaileen esanetan, Garapenean Bidelagun egitasmoak helburu bat baino gehiago ditu, eta horietako bat da erakundeek herrialde pobreen garapenerako gauzatzen dituzten proiektuen berri ematea herritarrei. Era berean, herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte, eta asmo horiei jarraituz, askotariko ekintzak prestatu dituzte: besteak beste, Esku Bidez taldeak antolatutako
Zuk dokumentala eskainiko dute gaur, eta bihar
Izarok kontzertua emango du Baztartxon – sarrerak agortuta daude–. Ondoren, berriz, kultur arloko ekintzak egingo dituzte, eta ikus-entzunezko lanak eta antzezlanak eskainiko dituzte herrialde pobreetako errealitatera ezagutu dezan jendeak. Hain zuzen ere, hilaren 15ean eta 22an,
Larrialditan eta
Welcome! kale antzerkiek hartuko dituzte herriko txokoak, bi egun horietan Azkoitian pintxo potea egiten dela probestuta. Hilaren 18an eta 19an, berriz,
Philippe Lioretek zuzendutako Welcome (Frantzia, 2009) filma emango dute Baztartxoren asteroko eskaintzaren barruan. Horrez gain, azaroaren 25ean azoka egingo dute plazan, eta erakunde bakoitzak bere postua jarriko du, beren jardunaren berri emateko herritarrei.
Egitasmoan parte hartuko duten erakundeetako batzuk izan ziren atzoko aurkezpenean, eta bakoitzak bere lanaren berri eman zuen. Migratzailei laguntzeko eta migrazio krisiaz sentsibilizatzeko sortu berri den
Esku Bidez taldeak lehenengo aldiz parte hartuko du egitasmoan. Itsas Laguntza Humanitarioari laguntzea da taldearen asmoetako bat, eta Nerea Machado taldekideak gogoratu du erakunde hori Espainiako Gobernuaren baimen baten zain dagoela azken hilabeteetan
Aita Mari ontzia itsasoratu dezan. Hain zuzen ere, sinadura hori "lehenbailehen lortzea ezinbestekoa" dela deritzo Machadok, bien bitartean migratzaileak Mediterraneo itsasoan "hiltzen" ari baitira. Taldeak, gainera, gogoratu du jendea sentsibilizatzeko eta Itsas Laguntza Humanitarioari laguntzeko asmoz antolatu dituztela
Zuk dokumental emanaldia eta Izaroren kontzertua.
The Direct Help, berriz, Nepalen lan egiten duen fundazioa da, eta Pello Larrañaga kideak azaldu duenez, batez ere umeei eta emakumeei laguntzen diete. Hainbat proiektu eta zentro dute herrialde horretan garatzeko, eta, gainera, umeak besoetan hartzen dituzte, hileko kuota baten bidez. "Modu horretara, umeen eskolatzea, eta janaria eta arropa jasotzea bermatzen da". Era berean, emakumeek lanbide bat izan dezaten, josten erakusten diete.
Juan Inazio Sudupek, berriz, Gazteak eta Garapena fundazioaren berri eman du. Salestarrek sortutako fundazioa da Gazteak eta Garapena, eta Espainiako Estatuan tokian tokiko ordezkaritzak ditu; Azkoitian, kasu. Azkoitiko taldeak, bereziki, Beningo umeen aldeko proiektuak garatzen ditu, eta Sierraleona herrialdean ere hainbat proiektu du martxan. Suduperen esanetan, lau arlo jorratzen ditu fundazioak: sentsibilizazioa, proiektu zehatzak, boluntariotza eta heziketa. Urtean zehar,
hamaika ekintza antolatzen dute esku artean dituzte egitasmoak gauzatzeko.
Behar Bidasoak, berriz, Afrikako eta Hegoamerikako hainbat herrialdetan jarduten du, eta Azkoitiko Udalak emandako laguntza Ruandako Kabuga hirian daukaten proiektura bideratzen dutela adierazi du Iñaki Lizaso taldekideak. Haren arabera, hango bizi baldintzak "oso txarrak" dira, eta "egoera tamalgarrian" bizi diren emakumeei, nagusiei, gaixoei eta umeei laguntzen diete. Hain zuzen ere, erakundeak etxebizitzak egiten dizkie haiei, eta jakinarazi duenez, udalak emandako diruari esker 20 etxebizitza egin dituzte azken urteetan. Horrez gain, bekak, nekazarien kooperatibak, jangelak eta ospitaleak jarri dituzte martxan.
Garapenean Bidelagun egitasmoaren egitaraua:
-
Azaroak 9, gaur: Zuk dokumentala, 19:00etan, Elkargunean.
-
Azaroak 10, bihar: Izaroren kontzertua, 20:00etan, Baztartxo antzokian.
-
Azaroak 15, osteguna: Larrialditan kale antzerkia, arratsaldean.
-
Azaroak 18, igandea: Welcome filma, 19:30ean, Baztartxo antzokian.
-
Azaroak 19, astelehena: Welcome filma, 20:00etan, Baztartxo antzokian.
-
Azaroak 22, osteguna: Welcome! kale antzerkia, arratsaldean.
-
Azaroak 25, igandea: Azoka, 11:00etatik 13:30era, plazan.