Iazko edizioaren irudi bat. (Ane Olaizola)
Ate joka dira sanmartinak eskualdean, eta Azkoitian ere ez dute hutsik egingo festak. San Martin auzoko Mikologi elkarteak antolatuta, bosgarren urtez San Martin mendi lasterketa jokatuko dute hilaren 10ean, larunbatean, eta korrikalariek zortzi kilometroko ibilbidea osatuko dute inguruko mendietan barrena. Ohi bezala, elkarte aurrean hasiko da lasterketa, eta korrikalariek auzoko ermitako kanpaia jotzearekin batera amaituko dute proba.
Hilaren 10ean, 11:00etan hasiko da mendi lasterketa, eta izen-ematea ordubete lehenago irekiko dute antolatzaileek. Hori hala, parte hartu nahi dutenek 10:00etatik aurrera eman ahal izango dute izena elkartean, sei eurotan. Helmugara iristen diren lehen gizonezkoak eta emakumezkoak Kurutzia baserriak emandako produktuen otarre bana jasoko dute, eta partaide guztien artean beste hainbat sari banatuko dute. Lasterketa amaitzen denean, hamaiketakoa egingo dute elkartean.