2.150 euro bildu dituzte Azkoitikoa ekimen solidarioan, eta Beninera bidaliko dute

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 29a

Joan den larunbatean solidaritate pintxoak, bigarren eskuko denda eta askotariko jolasak izan ziren Azkoitiko plazan, Floreaga Ikastetxearen, Gazteak eta Garapena Fundazioaren eta Alai Batza taldeen eskutik. Antolatzaileek adierazi dutenez, 2.150 euro jaso zituzten egun horretan, eta bildutako guztia Beninera bidaliko dute, fundazioak herrialde horretan duen proiektua garatu dadin. Hain zuzen ere, Beningo kaleetan bizi diren umeei laguntzen die egitasmoak. Era berean, larunbatean saldutako txartelekin zozketa egingo dute azaroaren 5ean, eta egun horretako Onceren zenbaki saridunak eramango du saria. Antolatzailee adierazi dutenez, zozketa aurrera eramateko laguntza berezia eman die Plaza Berri Sport dendak, eta languntzaile zein parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkiete. Larunbatean, hotza eta euria izan baziren ere, "jai giroa" nagusitu zela adierazi dute taldeek. Izan ere, herritar ugari bertaratu zen plazara, eta horietako askok etxean prestatutako pintxoak eta postreak ere eraman zituzten. Era berean, herriko elkarteen, harakinen, okinen eta tabernarien laguntza jaso zuten ekimena aurrera eramateko. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dute beste zenbait herritarrek hainbat opari egin zietela, bigarren eskuko dendan saltzeko. Guztiei eskerrak eman dizkiete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide