Iazko Orbel Jokoetako finalistak. (Argazkia: Maxixatzen)
Joan den ostegunean zabaldu zuten Azkoitiko V. Orbel Jokoetan izena emateko epea. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatzen ditu jokoak, eta aurtengoan, Euskaraldiari lotutakoak izango dira. Azaroaren 1ean hasiko da lehia; hiru astez galderak eta probak proposatuko dizkiete izena eman duten talde guztiei, eta abenduaren 1ean, Euskararen Nazioarteko Eguna baino bi egun lehenago, finala egingo dute Elkargunean.
Lehiaketa-jolasaren helburua adin guztietako herritarrek ondo pasatzea da, euskara eta euskal kultura oinarri hartuta. Euskaraldiarekin lotutako probak prestatu ditu aurtengoan Maxixatzenek, eta euskarazko jolasean elkar hobeto ezagutzeko, eta, bide batez, kontu berriak ikasteko aukera izango dute herritarrek.
Parte hartzeko hiru laguneko taldea osatu behar da. Horretarako, honako hauek egin behar dira:
- Taldeari izena jarri.
- Taldearen izena, taldekideena eta kideen e-mailak maxixatzen.eus atarian Orbel-jokuen atalean idatzi edo tabernetako kaxetan utzi; lehen asteko galderen erantzunekin batera ere izango da horretarako aukera.
- Izena emanda eta parte hartzen hasita, hurrengo asteetako probak erantzutea izango da eginkizun bakarra.
Galdera eta probak ostegunero zabalduko dira, eta parte hartzaileek astebete izango dute erantzuteko. Erantzunak ostegunerako entregatu beharko dira, zuzenean webgunean idatzita edo tabernetan jarritako kaxetan erantzunak utzita. Punturik gehien lortzen dituzten hiru taldeak sailkatuko dira finalera.
Hona hemen Orbel Jokoen egutegia:
- Aurkezpen eta izen-emate orria zabaltzea: urriaren 25ean.
- 1. proba: azaroaren 1ean hasi eta 8an bukatu.
- 2. proba: azaroaren 8an hasi eta 15ean bukatu.
- 3. proba: azaroaren 15ean hasi eta 22an bukatu.
- Finala: abenduaren 1ean.