Udaleko eta LKS enpresako ordezkariak eta Floreagako bizilagunak. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udala Floreaga auzoko bizilagunekin elkartu da gaur, osteguna, eta hango irisgarritasuna hobetzeko asmoz LKS enpresak egin duen alternatiben azterketa aurkeztu die udaletxean bildu direnei. Udalak adierazi duenez, bost fasetan gauzatzeko "aukera desberdinak" bildu ditu azterketak, eta guztira, lau igogailu eta hainbat pasabide, arrapala eta zebra-bide eraikitzea proposatu dute, irisgarritasun arazoak konpondu ditzaten.
Udalak jakinarazi duenez, bi milioi euroko aurrekontua dute enpresak lehenetsitako azpiegitura lan horiek, eta hori hala, "denboren eta kostuen plangintza zorrotza" egin beharko litzatekeela aipatu du. Argitu du proiektua aurrera eramateko "modu bakarra" faseka egitea izango litzatekeela, auzoaren beheko aldetik hasi eta gorenera, Aretxabaleta kalera, iritsi arte. Enpresak, besteak beste, eskailera mekanikoak jartzea alboratu du, ez direlako pertsona guztientzako erabilgarriak.
Hain zuzen ere, honako bost fase izango lituzke obrak: lehenengo fasean Floreaga ikastetxea eta Zuazola artean igogailua egitea proposatu du enpresak; bigarrengo fasean, Zuazola eta Floreagaberri artean egingo lukete igogailua; hirugarrengoan, Zuazolan dauden eskailerak kendu eta arranpak jartzea aurreikusten dute; laugarrengoan, berriz, Azkoitiko Udalak joan den agintaldian abiatu zuen igogailuaren proiektua berreskuratuko lukete; eta bosgarren fasean, Izarraitz eta Aretxabaleta artean egingo lukete igogailua.
Javier Zubizarreta alkateak eta LKS enpresako ordezkariak eman dizkiete azalpenak bizilagunei, eta udalaren arabera, bileratik "pozik" atera dira auzotarrak. Udalak azpimarratu du emandako urratsa "garrantzitsua" dela, baina proiektu osoa "makal" joango dela aurreratu du. Era berean, alkateak adierazi du bere asmoa dela lehen faseko lanen proiektua datorren urteko aurrekontuetarako sartzea.
Azterketa herritarrei plazaratzeko asmoz, bilera deitu dute azaroaren 20rako, eta han emango dituzte azterketaren xehetasunak. 19:00etan bilduko dira Elkargunean, eta Floreagako bizilagunak ez ezik, herritar guztiek joan ahal izango dute.
Azkoitiko Floreaga auzoko bizilagunak
aspalditik ari dira auzoan irisgarritasuna bermatzea eskatzen. Helburu hori lortzeko asmoz,
720 sinadura aurkeztu zituzten udaletxean, joan den apirilean. Eskaera horren aurrean, auzoko irisgarritasuna hobetzeko alternatiben
azterketa egitea erabaki zuen uztailean udalak, eta irisgarritasuna hobetzeko dauden aukeren azterlana esleitu zion LKS enpresari.