Pintxoak salduko dituzte beste urte batez Azkoitiko plazan. (M.O.)
Azkoitiko Floreaga Ikastetxeak, Gazteak eta Garapena fundazioak eta Alai Batza taldeak elkartasun ekimena antolatu dute larunbaterako. Beste urte batez, pintxo solidarioak, bigarren eskuko denda eta jolasak egingo dituzte goizean zehar herriko plazan, eta han jasotako dirua Gazteak eta Garapenak Beninen daukan proiektuari laguntzeko bideratuko dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, herritarrek emandako askotariko gauzak salduko dituzte bigarren eskuko azokan, hala nola jostailuak, diskoak eta liburuak. Era berean, pintxoak banatzeko ere herritarren eta tabernarien laguntza izaten dute taldeek. "Azken urteetan, gero eta herritar gehiago konprometitu dira egitasmo honetan; norbanako batzuek ogia edota bizkotxoa ematen digute; harakinek, berriz, txorizoa, eta baserritar batzuek gazta. Elkarteek, berriz, ardoa ekartzen digute, eta azken urteetan tabernariak beraien pintxoak ekartzen ere hasi dira", esan du Juan Inazio Sudupek, antolatzaileetako batek. Handik eta hemendik eskuratutako jakiak eta edariak euro batean saltzen dituzte antolatzaileek, eta Alai Batzak prestatutako jolasekin girotzen dute herriko plazan gauzatzen duten egitasmoa.
Oinarrizko beharrak asetu
Larunbateko ekitaldietatik lortzen duten dirua Gazteak eta Garapena fundazioak Beningo Porto Novo eta Cotonou hirietan duen proiektura bideratuko dute. Familiekin harremana moztu duten eta kalean bizi diren umeei laguntzen die fundazioak herrialde horretan. Suduperen arabera, batez ere 10 urtetik gorako neska-mutilak izaten dira laguntzen dituztenak, eta horiek kaletik atera eta lan mundura edo ikasketetara bideratzen dituzte. Horretarako, harrera etxeetara eramaten dituzte, han oinarrizko beharrak ase ditzaten eta "leku seguruan" lo egin dezaten.
1985ean, Espainiako salestar ikastetxeetako ikasle ohiek sortu zuten Gazteak eta Garapena Gobernuz Kanpoko Erakundea, baina azken urteetan fundazio moduan lan egiten du Afrikako eta Hegoamerikako hainbat herrialdetan. Azkoitian, hogei lagun inguru aritzen dira fundazio horretan, eta Floreagako Solidaritate Taldearekin batera antolatzen dituzte urtean zehar ekintzak, hala nola Gabonetako janari bilketa, Santa Ageda eguneko kopla kantaldia, erakusketak eta zozketa.