Oier Saizar eta Ainhoa Errazu, Xabi semearekin, Sri Lankara egindako bidaian. (Oier Saizar)
Azken urteetan ohikoa bihurtu da oporretan urrutiko herrialdeak ezagutzera joatera. Ordea, ez dira asko seme-alabekin gainerako kontinenteetako txokoetara bidaiak egiten dituztenak. Oier Saizar Azkoitian bizi den getariarrak eta Ainhoa Errazu azkoitiarrak horretarako pausoa eman zuten iazko abuztuan, eta Xabi hiru urteko semearekin Asiako Sri Lanka herrialdea zeharkatu zuten hiru asteko oporraldian. Orain, Azkoitiko Bidaiariak taldeak antolatzen dituen Bidaia Tertulietan orduko bizipenak gogoratuko ditu bikoteak, eta argazkiekin uztartutako hitzaldia eskainiko dute bihar, 19:30ean, Kultur Etxean.
Bidaiari petoak dira Saizar eta Errazu. Hamabost urte daramatzate mundu zabaleko herrialdeak elkarrekin ezagutzen. "Asia ia osoan ibilitakoak gara, eta Afrikako herrialde asko ere ezagutzen ditugu", esan du Saizarrek. Urteetan jasotako esperientziaz baliatuta, beraz, egin zuten iaz urratsa semearekin Asiara joateko. "Herrialde txiki batera joatea nahi genuen, hiru astetan hura zeharkatu genezan. Aurretik ere ezagutzen genuen Asia, eta familian joateko erraztasunak ditu Sri Lankak". Batetik bestera mugitzeko, berriz, Asian taxi gidariek erabiltzen duten tuc tuc hiru gurpildun ziklomotorea aukeratu zuten. Hiru astez alokatu zuten ibilgailua, eta modu horretara hasi ziren Sri Lanka zeharkatzen. "Aurreneko egunak hango kultura ezagutzeko baliatu genituen. Sri Lanka herrialde menditsua da, eta ondorengo egunak han igaro genituen. Besteak beste, te plantazioak ezagutu genituen. Bidaiaren amaiera, berriz, kostaldean egin genuen".
Getariarrak adierazi duenez, halako bidaia bat egin behar dutenean, aurrez pentsatzen dute ibilbidea, gero "inprobisatu" egiten badute ere. "Beti, lehenengo gaua aurrez hartzen dugu, eta gainontzekoak egunean bertan lotzen ditugu". Hala egin zuten Sri Lankan egindako bidaian ere, baina orduan hiru urteko umea ondoan izanik, beste hainbat ohitura alboratu egin zituzten, haren "erosotasunerako eta ongizaterako". "Sri Lankan etxe pribatuetan lo egiteko aukera dago, eta gauak han igarotzea erabaki genuen. Izan ere, ostatuak ez dira egokiak umeekin joateko, pertsona askok gela berean egiten dutelako lo. Etxeetan, berriz, hiruzpalau logela dituzte, eta gure semeak hango umeekin jolasteko aukera zuen".
Egunero, beraz, tuc tuc-ean joaten ziren etxez etxe beraientzat lekurik ba al zuten galdezka. "Umearentzat jolas bat zen hura, berak esaten zigun zein etxe gustatu zitzaion eta zein ez".
Hain zuzen ere, bikotearentzat ez ezik, semearentzat ere bidaia hura "izugarrizko esperientzia" izan zela gogoratu du Azkoitiko bizilagunak: "Hango umeekin harremana egiten zuen Xabik. Umeen hizkuntzan konpontzen ziren, eta segituan hasten ziren jolasean". Era berean, kultura desberdinak ezagutzeko oporraldia ere izan zen harentzat; "bidaia aberasgarria eta kuriositate handikoa izan zen. Asko harritzen zen, esaterako, gizonezkoek
sarong izeneko gona jantzita ikusten zituenean".
Beldurren gainetik
Saizar jakitun da familian joateko ezohiko helmuga turistikoa dela Sri Lanka, eta aitortu du bikoteak "beldurra" izan zuela bidaia hura egiterako, batez ere osasun arriskuengatik. "Gertukoek esaten ziguten: ‘Nola daiteke umearekin halako leku batera joan?’". Dena den, esan du hainbat neurri hartuz gero, ez dagoela zertan ezer gertaturik.
Gainera, paisaia eta kultura berriak ezagutzeaz gain, semeak egun osoan gurasoekin egoteko aukera izan zuela azpimarratu du Saizarrek. "Askotan ingurukoek uste dute umeak gaizki pasatuko duela halako lekuetan, baina ez da hala. Haserrerik gabeko egunak izaten dira, eta umeak aukera paregabea du une oro gurekin egoteko, hemen ez bezala".
Orduko oroitzapen ederrak ditu Saizarrek, eta beste gurasoei adierazi die "beldurrik" izan ez dezaten seme-alabekin mundua ezagutzeko. Izan ere, bere ustez, "probatzea" da gakoa, "aurrera begira halako bidaiak egin edo ez erabakitzeko garaian".