Udane Juaristi Baionako Kaleko Artearen II. Jaialdian parte hartzen ari da

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 18a

Juaristi Baionan egiten ari den horma irudia. (Udatxo) Udane Juaristi artista azkoitiarra Baionan egiten ari diren Kaleko Artearen II. Jaialdian parte hartzen ari da egunotan. Atzo hasi zen lanean Cafe du Teatre eraikinean –Askatasunaren plazan dago, udaletxearen ondoan– eta larunbatera arte izango da bertan. Eraikinaren barruan ari da murala egiten; hain zuzen ere, eraikin zaharraren argazki batean oinarrituta egingo du horma irudia artista azkoitiarrak. "Eraikina antzoki bat da, oso polita. Haren argazki zahar bat aurkitu nuen, aspaldiko postal bat. Irudi hori transfer eta marrazki bidez ari naiz horman egiten, zuri-beltzean, baina gaur egungo irudi urbano batekin tartekatuko dut". Horma irudian lehenaldia eta orainaldia irudikatzen dituzten zubia, plaza eta antzokia jasoko ditu. Mundu mailan ospetsu diren hainbat artista ere bertan da, eta datozen egunetan onduko dituzte artelanak Baionako kaleetako hainbat txokotan. Azken asteetan hainbat jaialditan parte hartu du Juaristik. Esaterako, Hospitalet de Llobregaten egin zuen irudi bat maiatzaren hasieran, apirilean Madrilgo Pinta Malasaña jaialdian izan zen eta irailean Zaragozako Asalto jaialdian parte hartu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide