Usadio zaharrari eutsiz, Elosuko feria egiten ari dira

Nerea Uranga 2018ko urriaren 12a

Eguraldiak lagunduta, jendetza bildu da gaur, urriak 12, Azkoitia eta Bergara arteko Elosua auzoan. Urtero legez, Elosuko ganadu feria egiten ari dira gaur. Elosuko plaza eta inguruko belardiak era askotako produktuen salmenta postuekin bete dira: gazta, fruituak, gozokiak, ogia, hestebeteak, eztia, perretxikoak, landareak, aterkiak, belarrak, pomadak, aterkiak, arropa, pitxiak... Denetarik aurkitu zitekeen gaur Elosuan. Horrez gain, hainbat abere erakusgai jarri dituzte: astoak, behiak... Gainera, zaldian ibiltzeko aukera ere eskaini diete haurrei. Eusko Label txekor errearen pintxoak dastatzeko aukera ere izan da Elosuan eguerdia artean, baita bertako elkarteek jarritako postuetan jan-edanerako ere. Ganadu feria eta azokarekin batera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko Azkoitiko eta Bergarako udalek. Hala, eguerdian Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolariak aritu dira kantuan Elosuko frontoian. Ondoren, erromeria izan da Laja II eta Lutxurdio trikitilariekin. Eta haurrek puzgarrietan jolasteko aukera izan dute. Gaur arratsaldean, 16:00etatik aurrera, festak jarraitu egingo du Elosuan. Julio Soto eta Amets Arzallusen saioa izango da aurrena. Gero, 17:30ean, kintopeko zaldi proba jokatuko dute Aulestiko Ibekohondoko eta Markina-Xemeingo Agarreko zaldiek 900 kiloko Ixaun harriarekin. Trikitilariak ere ez dira faltako, festa girotzeko.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide