Azkoitia Eguna ospatuko dute herriko merkatariek urriaren 20an

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 9a

Besteak beste, txu-txu trena, merkatarien tonbola eta III. Zakelmari pintxo lehiaketa antolatu dituzte egun horretarako.

Iaz, Azkoitiko merkatariek antolatutako Herrixen Eguneko irudia. Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteak antolatuta, Azkoitia Eguna ospatuko dute asteburuan herrian. Orain arte Herrixen Eguna izenpean antolatzen zuen elkarteak egitasmoa, eta aurten izena aldatu badiote ere, helburu berberekin egingo dituzte ekintzak ostiralean eta larunbatean: "Saltoki txikiak dira herriari bizia ematen diotenak. Herritarren eguneroko premiei erantzuten diete, haiek saltoki gune handietara edo hiriburuetara joateko beharrik izan ez dezaten. Kalitatezko eta gertuko tratua jaso eta nahi beste gauza topatu dezakete herrian", adierazi du Sara Rodriguezek, Herrixeneko teknikariak. Beste urte batez, festa giroan aldarrikatuko dute dendariek tokiko merkataritza, eta herritar guztiei zuzendutako ekintzak egingo dituzte. Elkarteak aurreko urteetako egitarau antzekoa prestatu du, baina aurten izango da berrikuntzarik. Izan ere, umeentzako jolasak bi gunetan banatuko dituzte zapatuan: herriko plazan eta Balda plazan. Hain zuzen ere, kirolari lotutako jolasak plazan egingo dituzte, eta, besteak beste, futbolin erraldoia, diana edota penaltiak jaurtitzeko gunea jarriko dituzte han. Balda plazan, berriz, "ume txikiagoei" zuzendutako puzgarriak izango dira, baina euria eginez gero, Balda plazako ekintzak Azoka Plazara lekualdatuko dituzte. Hirugarren urtez, pintxo lehiaketa ere egingo dute larunbatean, eta iaz bezala, honako zazpi taberna hauek parte hartuko dute: Ttakun, Latz, Zurt, Koxka, Orbela, Errexil eta Etxe-Aitz. Aurten, piper berdea osagai nagusi hartuta prestatu beharko dituzte pintxoak tabernariek, eta epaimahaia 18:30ean hasiko da tabernaz taberna jakiak dastatzen. Sari banaketa, berriz, 20:00-20:30 bitartean egitea aurreikusten dute. Tonbolan, 700 saritik gora Herriko 60 dendarik oparitutako gauzekin tonbola egongo da zabalik bi egunez Torrezuri erakustokian. Antolatzaileek adierazi dutenez, 700 saritik gora banatuko dituzte, eta bi lagunentzako afari bat ere zozkatuko dute txartelak erosten dituztenen artean. Elkarteak hirugarrenez antolatu du Azkoitiko merkataritza sustatzeko egitasmoa, orain arteko edizioen «balorazio positiboa» egin ostean. "Aurreko urteetan ikusi dugunez, oraindik batzuek ez dute ezagutzen elkartea, eta egitasmo honek balio du haiengana gerturatzeko eta elkarte barruko dendarien betiko bezeroak saritzeko", esan du Rodriguezek. Era berean, herritarrek ere "oso ondo" erantzuten dutela gaineratu du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide