2017ko Elosuko feriako irudia.
Urriarekin batera iritsi ohi da Elosuan usadio den udazkeneko feria, eta aurtengoa ate joka da jada. Izan ere, ostiralean, hilak 12, izango da 40. Elosuko Feria. Beste urte batez, egitarau oparoa prestatu dute Bergarako eta Azkoitiko udalek egun horretarako.
Ganadu feria 09:00etan hasiko da, baina abereez gain, artisauen eta bertako produktuen azoka izango da goiz osoan zehar. Erosketak egiteko aukera ez ezik, Elosuko ikatzarekin erretako bertako txahala dastatzeko aukera izango dute ostiraleko azokara bertaratzen diren lagunek. Eguerdi aldera, 12:30ean hasita, kantuan arituko dira Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolariak Elosuko frontoian. Ondoren, erromeria izango da
Laja II eta Lutxurdio trikitilariekin. Haurrentzako, aldiz, puzgarriak jarriko dituzte, 11:00etan hasi eta 14:00 aldera arte.
Bazkal ostea girotzeaz Julio Soto eta Amets Arzallus arduratuko dira, eta bertsotan arituko dira berriro, 16:00etan hasita. Ondoren, 17:30ean, kintopeko zaldi proba egingo dute. Bertan, Aulestiko Ibekohondoko eta Markina-Xemeingo Agarreko zaldiek 900 kiloko Ixaun harriarekin ordu erdiko lana egin beharko dute.
Laja II.ak eta Lutxurdiok trikiti doinuz girotuko dute auzoa.
Elosuko ganadu feriara joateko garraiobidea erraztearren, Azkoitiko Udalak autobus zerbitzu berezia jarri du. Horrela, 09:00etatik 20:00ak arte etengabe Elosura joan eta etorrian ibiliko dira autobusak. Julio Urkixo kaleko autobus geltokian egingo dute geldialdia autobusek.