Igor Zubeldia. (Ihintza Elustondo)
Lan saiotik atera berritan, jokalariak etenik gabe ari dira gerturatzen kazetariengana. Athleticen aurkako derbia jokatu aurreko egunak dira, eta nabari da hori Zubietan. Gaurko partidarako gogotsu ageri da Igor Zubeldia (Azkoitia, 1997). Harrobiko jokalariak iragan sasoian jokatu zuen estreinakoz Athleticen aurka, maila gorenean, eta hasieratik aritzeko aukerak ditu oraingoan. Taldean indarra hartzen ari da, eta zelaitik kanpoko eginkizunetara ere ohitzen ari da. Lasaia erantzun die galderei, hitanoz.
Gaurko partidaren atarian, nolako partida aurreikusten duzu?
Partida lehiatua, gehienbat. Ikusteko polita izango da. Bi taldeak hiru puntuen bila aterako gara, eta borroka askokoa izango da.
Zeintzuk izan daitezke hiru puntuak eskuratzeko gakoak?
Partidan ahalik eta opari gutxien egitea atzealdean eta aukerak daudenean horiek ondo aprobetxatzen jakitea izango dira nagusiak.
Zein egoeratan sor dezake Athleticek arriskurik handiena?
Bereziki, kontraerasoetan. Jende azkarra dute aurrealdean:Williams, Raul Garcia... Indartsuak dira, eta azkarrak. Horiek zaintzeko garaian arreta izan beharko dugu.
Azken bi jardunaldietan apur bat kosta egin zaizue, eta ez dituzue nahi zenituzten emaitzak atera. Zer moduz helduko zarete derbira?
Entrenatzaileak esandako lana egiten ari gara egunero. Ondo iritsi? Agian, emaitza aldetik ez nahi bezala, baina gu lasai gaude. Normala da jendea lasai ez egotea, baina guk gure lana ahalik ondoen egingo dugu, eta lehen esan dudana: hiru puntu lortzera aterako gara.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen
Berria.eus webgunean.