Zezen Asteburua Azkoitian, joan den asteburuan. (Mailo Oiarzabal)
Azkoitiko Zezenzaleak taldeak eta udalak antolatuta, Zezen Asteburua egin zuten joan den asteburuan Azkoitian, herriko sokamuturraren 500. urteurrena ospatzeko asmoz. Besteak beste, erakusketa, bandaren kontzertua, sokamuturra, entzierroa eta zezen karretoia egin zituzten hiru egunetan herrian, eta egitasmoaren "balorazio positiboa" egin du Azkoitiko Zezenzaleak taldeak. Haren arabera, herriak "ondo merezitako aitorpena" egin dio zezenzaletasunari, eta "jai giroa" nagusitu zen asteburuan. "Ez dugu sekula hainbeste jende pozik ikusi zezenen bueltan egindako ekimen batean", adierazi dute.
Antolatzaileen esanetan, "sekulakoa" izan da herritarren erantzuna, eta gazteek zein helduek "gozatu" dutela gaineratu dute. Era berean, umeei zuzendutako igandeko ekintzetan "haur mordoa" elkartu zela azpimarratu dute. Hori hala izanik, Azkoitiko Zezen Asteburua
kritikatu dutenei honako hau adierazi die: "Honek guztiak erakusten du Azkoitia zezenzalea ez dela esaten dutenak nahastuta daudela". Taldearen esanetan, Azkoitia "zezenzalea" da duela 500 urtetatik, eta "ahalegina" egingo dute hala izaten jarrai dezan "beste urte askotan".