Sarek giza sarea antolatzeari utzi eta gero hasiko du Kalerak dinamika berria. (Hitza)
Azkoitiko Sarek joan den ekainean bere
ibilbidea amaitu ostean, Kalera dinamikak hartuko du preso eta iheslarien eskubideen alde hilero egiten dituzten mobilizazioen lekukoa. Hori hala izanik, azken ostiraletako dinamika berri bat hasiko du Kalerak, eta, beraz, etzi, ostirala, elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, plazan.
Taldeak azpimarratu du "konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako" garaia dela, eta iraganeko "oinaze eta min guztiak sendatzea" ezinbestekotzat jo du: "Norabide horretan sakondu behar dugu: izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea". Dena den, oraindik "sufrimendua" sortzen jarraitzen duen auzia zabalik dela gogoratu dute. "Egun, ETAk existitzeari utzi dion arren, 269 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona horiek euren eskubideen jabe izan arren, Espainiako eta Europako legedien aurka doazen salbuespen neurriak ezartzen zaizkie oraindik ere. Presoak ez ezik senideak, eta bereziki haurrak eta adin nagusikoak zigortzen dituzte lege horiek". Hori hala izanik, "konpondu beharreko" honako lau lehentasun zehaztu dituzte mobilizazioei ekiteko: "Urruntzearekin amaitzea, larri gaixo dauden presoak kaleratzea, Frantziako eta Espainiako estatuetako zigorrak batzea eta lehen gradua aldatzea. Izan ere, euskal presoek zigor osoa betetzen dute lehen gradua, eta legearen aurka doa hori".
Azkoitian, egun, ez dago preso politikorik Espainiako eta Frantziako espetxeetan, baina Kalerak gogoratu du
Kinttela eta
Txetxu azkoitiarrek erbestean jarraitzen dutela "arrazoi politikoengatik". Hori hala, "denak etxean" izan arte lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta herritarrei ere dei egin die horretan aritu daitezen.