Emakume batek lantokian jasandako sexu erasoa salatu du Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 25a

Joan den ostiralean jazo zen gertaera Azkoitiko fisioterapia zentro batean. Gizon bat fisioterapeutari ukituak egiten eta eginarazten saiatu zen. Emakumeak Ertzaintzara jo zuen gertatutakoa salatzeko, eta ertzainek adierazi zioten salaketa ez dela "inora" iritsiko, ez zegoelako ukitu deliturik izan zen justifikaziorik.

Azkoitiko 29 urteko emakume batek joan den ostiralean lantokian jasandako sexu erasoa salatu du bere sare sozialetan. Emakumeak azaldu duenez, gizonezko bat joan zitzaion lan egiten duen fisioterapia zentrora ordu erdiko masaje bat berak ematea nahi zuela esatera. Ostiralean, bezeroa zentrora bertaratu zenean, hark sexu organoak erakutsi zizkiola eta behin eta berriz ukituak egiten eta eginarazten saiatu zela azaldu du emakumeak. Honakoa kontatu du gazteak sare sozialetan argitaratutako testuan: "Masaje gelara sartu zenean, nigana asko hurbiltzen hasi zen, baina ni eskuohea prestatzen hasi eta urrundu egin nintzen. Saioak nola funtzionatzen zuen azaldu eta gero, guztiz biluztu eta nire parean jarri zen. Ez naiz isilik egotekoa, baina ez dakit beldurragatik edo egoera oso surrealista zelako, ez nuen erreakzionatzen jakin. Gizona gora begira etzan zen, eta nik azkar estali nuen mantarekin. Berak, ordea, estalkia beheratzen zuen, dena erakutsi nahian. Nik, berriz, bere lekuan jartzen nion. Sabela tratatzen hasi nintzen eta berak estalkia jaisten jarraitzen zuen, mina beherago zuela esanez. Jaramonik egiten ez nionez, ni ukitzeko saiakerak egin zituen: lehenengo eskuari heltzen saiatu zen, behin eta berriz, baina nik saihestu egiten nuen. Gero, izterretik heltzen saiatu zen. Ondoren, bere erdara eskasez kontatzen hasi zen Bartzelonan masajista batengana joaten zela. Esan zidan jakin beharko nukeela zer gertatzen den neska gazte batek gizonezko bat ukitzen duenean. Bartzelonako saioa nola amaitzen zen ez zidala azalduko esan zidan. Esan nion gure zentroan mota horretako zerbitzurik ez dugula eskaintzen, baina berak manta beheratzen jarraitzen zuen". UROLA KOSTAKO HITZA egunkariak erasoa jasandako S.W.-rekin hitz egin du, eta hark jakinarazi du, erasoa gertatu ostean, Ertzaintzara jo zuela salaketa jartzera. Haren arabera, ertzainek esan zioten salaketa ez zela "inora" iritsiko, "saiakera" izanik, ez zegoelako ukitu deliturik izan zenaren justifikaziorik. "Salaketa jartzekotan, exhibizionismo delituagatik jar nezakeela adierazi zidaten, baina kasu horretan ere, gertaera leku pribatu batean jazo zenez, pisurik ez lukeela izango esan zidaten", azaldu du azkoitiarrak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide