Instalazio elektrikoak aztertzen eta berritzen ari da Azkoitiko Udala. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udala herriko instalazio elektrikoak berritzen ari da joan den uztailetik: lurreko kutxak aztertuz, kableak berrituz eta, behar den kasuetan, koadro elektrikoak aldatuz. Guztira, 47 koadro elektriko daude Azkoitiko herrian, eta denen egoera aztertuko dute. Udalak 404.845 euro aurreikusi ditu lan horiek egiteko. Azpiegitura elektrikoak konpondu, berritu eta aztertzearen helburua segurtasuna bermatzea eta argiteri berria jarri behar denerako dena prest izatea da. "Oraingoz, esku hartzea instalazioetara mugatuko da. Beharrezkoa zen lan horiek egitea, egoera txarrean zeudelako. Urte askoan ez dira instalazioak ukitu, horrek eragiten duen arriskuarekin. Ezkutuko lan asko zegoen egiteko eta horretan ari gara", adierazi du obren zuzendaria den Joseba Garmendiak. Aurreikusitako lanen herena egin dutela azaldu du Garmendiak, eta azaroaren erdirako lan denak bukatuta izatea espero dute.
Uztailean hasi zituzten Azkoitian azpiegitura elektrikoak aztertzeko eta berritzeko lanak, eta herriko 11 gunetan jardun dute ordutik. Gune horietako bakoitzean koadro elektriko bat dagoela azaldu dute, eta horietatik sei gunetako koadroak konpondu egin dituzte, eta gainontzeko bostetan zaharraren tokian berria jarri dute. Dagoeneko lanak egin dituzten guneak dira: Ugarte eta Bazterretxe industrialdeak, Altzibar eta Jausoro auzoak, Bizenta Mogel kalea eta Trenbidearen Zumardia. Orain, Julio Urkixoko eta Ibai Ondoko azpiegitura elektrikoetan ari dira lanean, eta segidan, Bizkargin, Santa Klaran, Floreagan eta San Martin ariko dira. San Martinen lanak hasita, baina oraindik egiteko denak ez dituzte bukatuta. Bukaerarako utziko dituzte Plazaberri, Plaza Nagusia eta Iriarte Margolaria kalea.
Plazaberri guneari aipamen berezia egin dio obra arduradunak. Kasu horretan, Azkoitiko Udalak kalea berritu nahi du, eta momentuz behin-behineko alternatiba bat landuko dute gune horretarako. "Plazaberriko esku hartzea etorkizuneko proiektuaren arabera geratuko da oraingoz", azaldu du udalak.
Aurrera begira, auzoetako eta kaleetako argiak aldatu eta hobetu nahi ditu Azkoitiko Udalak, eta horretarako, Europari diru laguntza eskatu diola azaldu du, "orain erantzunaren zain gaude". Momentuz, Ugarte industrialdeko argiztapena bakarrik aldatu du udalak, "benetako beharra zegoelako, Ugarten 83 argi aldatu ditugu".
47 koadro elektriko daude Azkoitiko herrian. (Azkoitiko Udala)