Pako Sudupe: "Gure oraina ulertzeko ispilu historiko ona da Monzon"

Ane Olaizola 2018ko ira. 21a, 12:52

Pako Sudupe idazleak (Azkoitia, 1959) Telesforo Monzon politikari zenaren biografia idatzi du, eta gaur aurkeztuko du liburua Azkoitian, EH Bilduren bilgunean, 19:00etan.

Pako Sudupe. Aurrez Txillardegiren edota Nemesio Etxanizen biografiak idatzi ondoren, orain Telesforo Monzon aristokrata abertzalea; EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala kaleratu duzu. Zergatik, orain, Monzon? Txillardegi eta Monzon lagun handiak ziren, eta Txillardegik abertzale handitzat jotzen zuen Telesforo. Beraz, Txillardegiren biografia egin nuenean, hark eraman ninduen Telesfororengana. Bestalde, ikusten nuen batzuek Telesfororen aurka egiten dutela. Bere figura ez manipulatzeko, beraz, dagokion lekuan jarri nahi izan dut Telesforo. Familia aristrokratiko batean jaiotakoa zen Monzon, eta Madrilen bizi izan zen hainbat urtez. Baina oso gazte zela EAJ alderdian hasi zen militatzen. Nola eman zuen bilakaera hori? Madrilen Zuzenbidea ikasten hasi zen, eta han bizi izan zen urte batzuetan. Espainiako aristokraziarekin harremana zuen, eta Andaluzian lursailak ere bazituzten. Arreba, berriz, Avilan abadesa zen. Orduan, normalena izango litzateke Madrilen bizitzen geratzea. Baina abertzaletu egin zen, oso modu berezian, gainera. Soldaduska Donostian egin zuen, eta hura amaitzean sentitu zen abertzale. Abertzaletu ez ezik, euskaltzale ere bihurtu zen. Etxean, soilik aitak zekien euskaraz, baina Telesforok 9 urte zituenean hil zen hura. Senideek pixka bat egiten zuten euskaraz, baina ez zen haien hizkuntza nagusia. Madrilen hasi zen euskara ikasten, eta Tolosako baserri batean jarraitu zuen. Han ezagutu zituen Orixe, Lauaxeta, Lizardi... 36ko gerraren ondorioz, erbestera jo eta ETAko errefuxiatuei lagundu zien gerora. 60ko hamarkadan, berriz, Herri Batasunaren sortzaileetako bat izan zen. Poliki-poliki joan zen guztia. Bere poemetan ikus daiteke oinarri kontserbadoreak zituela; oso sinesduna zen. Bilakaera handia 60ko hamarkadan izan zuen. 1946tik aurrera, Donibane Lohizunen (Lapurdi) bizi izan zen, eta han errefuxiatuak ezagutu ahala, esan zuen EAJ alderdiak ireki egin behar zuela. Uste zuen alderdiak ezin zuela aberatsena bakarrik izan, sozialdemokratak ere onartu behar zituela. Guztiek fronte abertzale bat osatu behar zutela esan zuen. Orduko eta lehengo gudarien zubia izan zen Monzon, beraz. Borroka asko egin zuen bere bizitzaren azken lau urteetan; 1977an EAJtik bota zuten. Bere burua beti izan zuen jelkidetzat, baina HBn esku zabalik hartu zuten. Izan ere, abertzaletasunean eta euskaltzaletasunean bat egiten zuen haiekin, eta horrekin nahikoa zuen. Nola dokumentatu zara? Handik eta hemendik bildu dut materiala. Asko lagundu didate, esaterako, Koldo Izagirrek sei liburukitan jaso zituen artikuluek. Euskadiko Artxibo Historikoan, Sabino Arana Fundazioan eta Bergaran ere ibili naiz informazioa bilatzen. Diozu liburua ez dela Monzonen hagiografia bat. Kritikoa al zara harekiko? Telesforori ez diot guztia txalotzen; egia da, ordea, egurtu baino gehiago txalotzen dudala. Baina esaten zituen gauza batzuekin ez nago ados. Esaterako, zioen aristokraziak euskara alde batera utzi bazuen ere, beste guztia ondo egin zuela. Orduan, 1766ko matxinada datorkit gogora. Horrez gain, ematen zituen hitzaldietan oso matxista zen. Ez dut beti berarekin bat egiten, baina esaten zuen hori ere ez dut ezkutatu. Batzuetan erakusten dut ez nagoela berarekin ados, eta horregatik ez da hagiografia bat. Politikoa ez ezik, poeta ere izan zen Monzon. Zer leku du alderdi horrek liburuan? Liburuan ez da agertzen alderdi literarioa. Idatzi, idatzi nuen, baina argitaletxeak moztu egin zidan, esaten baitzuen liburua luzeegia geratzen zela. Egia da, ordea, bere abertzaletzea oso modu poetikoan kontatzen zuela. Haurtzaroan eragin zizkion gauzak edota gerra garaian bizi izandakoak jaso zituen bertso errimatuetan. Gaur egungo egoera politikoa ulertzeko giltza al da Monzon? Bai. Egun, Espainiak ez du onartzen Kataluniaren autodeterminazio eskubidea. Monzonen testuak irakurrita, garbi ikusten da lehen ere arazoa non zegoen; arazoa ez zen batzuk terroristak eta besteak demokratak zirela. Arazoa da batzuek, subjektu politiko bezala, esaten dutela nahitaez espainiarrak garela, besteek autodeterminazioaren alde egiten duten bitartean. Gure historia zein izan den ulerarazten du Monzonek. Gero, bakoitzak bere balorazioak egingo ditu, baina Monzon ispilu historiko ona da gure oraina ulertzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide