Sonia Vazquez (Udala), Iban Arregi eta Jose Oñederra (Zelai Luze), Jose Manuel Gimenez (Zezenzale batzordea) eta Juan Bautista Mendizabal historialaria, zezenak gordetzen ziren ikuiluaren ate parean. (Maialen Etxaniz)
Azkoitiko sokamuturraren 500. urteurrena ospatzeko, Zezen Asteburua antolatu dute iraileko azken asterako. Zezenak eta horien bueltan antolatutako ekintzak izango dira protagonistak hilaren 28an, 29an eta 30ean Azkoitian. Besteak beste, sokamuturra, entzierro txikia, zezenzaleen bazkaria, erakusketak eta pasodobleen kontzertua prestatu dituzte Zezen Astebururako. Antolatzaileek gaur, osteguna, azaldu dituzte 500. urteurrenaren eta horren harira antolatutako egitarauaren inguruko xehetasunak.
Historiak utzitako datuak
Datu historikoen arabera, 1518koa da Azkoitiko sokamuturraz edo kaleko zezenaz aurkitutako idatzizko lehenengo datua. Orduz geroztik 500 urte igaro dira. Urte horietan guztietan zezenzaletasuna "aldatzen" joan dela azpimarratu du Juan Bautista Mendizabal historialariak. Hark azaldu duenez, Azkoitian zezenaren gaineko tradizioa bizirik egon da urte luzez, nahiz eta zenbait urtetan "beherakada" ere nabaritu zen. Azkoitiak eta sokamuturrak badute lotura, eta hori horrela dela argitzeko historiak utzitako zenbait pasarte ekarri ditu gogora Mendizabalek: "Garai batean, harakinek baserrietatik herrira jaisten zituzten beren txahalak, ondoren hiltegira eramateko. Herrira ekarritako txahal haiekin jolasten hasi zen jendea aurrena, hura baitzen orduko ganadua. Gerora, Nafarroako ardozaleak –orduan Nafarroatik ekartzen zen ardoa Azkoitira– edariak ez ezik, zezenak ekartzen hasi ziren Azkoitira, herritarrek haiekin jolas zezaten". Urteak aurrera, zezenak hiru modutara erabiltzen zituzten. Mendizabalek kontatu duenez, batzuetan libre uzten zituzten zezenak kaleetan edo plazetan zehar. Beste batzuetan, aldiz, sokari lotuta ateratzen zituzten kalera, sokamuturrean. Zezenketak eta zekorketak ere egiten zituzten Azkoitiko zenbait txokotan.
Era berean, zezenekin "astakeriaren bat edo beste" egin zela azaldu du Azkoitiko historialariak: "XVII. mendean, Azkoitiko Udalak banderilak banatzen zizkien herritarrei, eta haiek torero bihurtzen ziren; Azkoitiko bizilagunek Udalak emandako banderilak sartzen zizkieten plazara ateratako zezenei". Halaber, Mendizabalek azaldu du, zezenak ez ezik zaldiak ere erabiltzen zituztela zenbait lekutan. Zezenketetarako afizioa XIX. mendean loratu zen Azkoitian. "Zaletasuna egon bazegoen, zezen plazarik ez, ordea. Hori dela eta, herriko zenbait txoko moldatzen zituzten zezenketak egiteko, hala nola herriko plaza, Anaitasuna futbol taldearen zelaia eta Gurea pilotalekua", kontatu du Mendizabalek. Gehienetan, Izarraitz mendilerroan hazitako zezenak erabiltzen zituzten Azkoitiko zezenketetan. Tarteka Salamancatik (Espainia) ekarritako ganadua ere erabiltzen zuten. Zezenez gain, herriko toreatzaileei egin die aipamena Mendizabalek gaurko agerraldian. Hark azaldu duenez,
Florezito eta
Kele toreatzaileak ziren garai hartan nabarmentzen zirenak. Horrez gain, Azpeititik Azkoitiara lekualdatu zen
Niño del Arrabal toreatzailea ekarri du gogora historialariak.
Herriko zezenzaletasuna ikusita, Azkoitiko Udalak zezen plaza egitea erabaki zuen 1890. urtean. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen diruz lagundu proiektua, eta bertan behera gelditu zen zezen plaza egiteko asmoa. Gertaera horrek bide eman zion beste zaletasun baten loraldiari, eskupilotaren loraldiari, hain zuzen. Azkoitiko festetan lekua irabazi zuten pilota partidek, eta denborarekin, eskupilotak hartu zion aurrea zezenketei.
Hiru eguneko egitaraua
Urtemuga gogoan hartuta, adin guztietako herritarrei zuzendutako denetariko ekintzak izango dira Zezen Asteburuan. Ostiralean, hilak 28, hasi eta igandera arte izango dute zer egin eta zertaz gozatu Azkoitiko zezenzaleek. Hiru egun horietan, Zelai Luze ganadutegiko zezenak izango dira protagonistak. Zelai Luzeko Jose Oñederra ganaduzaleak azaldu duenez, zezen guztiek beteko dituzte ganaduen gaineko arautegiak eskatutako baldintzak. Horrenbestez, 350 kilo baino gutxiago pisatzen duten Betizuak izango dira Azkoitian aterako dituztenak. Zelai Luzeko zezenak Izarraizko larreetan hazten ditu Oñederrak, eta horren harira, mendilerroaren magaleko herrietan dagoen tradizioari egin dio keinu ganaduzaleak: "Oraindik bizirik dago zezenen gaineko zaletasuna Izarraitz inguruan. Festetako egitaraua ikusi besterik ez dago: Zestoan, Azpeitian, Itziarren, Deban, Lasturren, Elgoibarren... denetan egiten dira zezenketak edo zekorketak".
Hona hemen Azkoitiko Zezen Asteburuko egitaraua, osorik:
Irailak 28, ostirala:
18:00etan: Sokamuturraren 500. urteurrenaren inguruko erakusketaren inaugurazioa.
Irailak 29, zapatua:
11:00etan: Erakusketaren irekiera.
12:00etan: Karretoia.
12:30ean: Pasodobleen kontzertua, Udal Musika Bandaren eskutik, kontzejupean.
Ondoren, trikipoteoa.
14:00etan: Zezenzaleen bazkaria Plaza Ondo jubilatuen elkartean.
Bazkarirako izena emateko, 688 869 510 telefonora deitu behar da hilaren 25a baino lehen.
17:00etan: Sokamuturra Balda plazan.
Irailak 30, igandea:
11:00etan: Erakusketaren irekiera.
12:00etan: Karretoia.
17:00etan: Zekorren entzierroa, Plaza Berritik Balda plazara. Gero, zezenak sueltoan. Ondoren, karretoia eta zozketa.