Herria argitu du loraldiak

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 18a

Herritar ugari atera dira kalera Herrikoloreak egunean. Antolatzaileek "oso balorazio positiboa" egin dute, eta guztien "jarrera baikorra" goraipatu dute

Askotariko ekintzek hartu zuten Azkoitia larunbatean. (Ane Olaizola) Egun berezia izan zen larunbatekoa Azkoitian, inoiz ikusi gabeko irudia hartu baitzuen herriak. Tenis, pilota, igeriketa, xake, futbol, saskibaloi, herri kirol, gimnastika erritmiko, zumba erakustaldiek zein argazki eta pintura erakusketek, dantzek, kontzertuek, musikalek edota gastronomia ekitaldiek herriko txokoak hartu zituzten, eta dozenaka norbanakok eta taldek kolorez jantzi zuten Azkoitia. Horiek guztiek eta beste hamaika ekimenek osatu zuen Herrikoloreak eguna, eta kultura eta kirola ez ezik, herria bera ere kalera atera zen, guztiek batera herria kolorez loratu zezaten. Lasai hasi zen eguna. Eragileek beraien erakustaldiei ekin zieten, eta pixkanaka, herritarrak ere batzen joan ziren festara, eta eguerdirako jendez gainezka ziren kaleak. "Festetan ere ez da halako girorik izaten", zioten batek baino gehiagok. Herriko zein Balda plazako eguzkipean, Etxebeltzeko goxotasunean eta Plaza Berrian gozatu zuten herritarrek kulturaz eta kirolaz. Elkarte gastronomikoek paella lehiaketan prestatutakoarekin bazkaldu zuten ehunka lagunek berdura plazan, eta antzeko irudia errepikatu zen arratsaldean ere; besteak beste, saskiratze eta penalti solidarioak egin zituzten Ursula Urteaga garun paralisia duen ume azkoitiarri laguntzeko, eta ikusmin berezia sortu zuen eskaltzaileak parrokiaren kanpandorrera igo izanak. Herritarrek ez ezik, antolatzaileek ere nekez ahaztuko dute larunbatekoa. Egunaren "oso balorazio positiboa" egin dute, eta han parte hartu zuten eragileek "asko erraztu" zietela nabarmendu dute. Guztien parte hartzea eta "jarrera baikorra" goraipatu dituzte, eta eskerrak eman dizkiete laguntza eman dieten guztiei. Etorkizunera begira, aurreratu dute hausnartu egingo dutela egitasmoak hartuko duen bideaz, baina nabarmendu dute Herrikoloreakek erakutsi duela herritarrek badutela halako ekimen bat aurrera ateratzeko "ahalmena", eta horri etekina atera behar zaiola uste dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide