Udane Juaristi artista azkoitiarra Zaragozako Asalto jaialdian izango da

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 6a

Zaragozako Oliver auzoan egingo dute kaleko artea oinarri duen jaialdia. Orotara, hamaika artista deitu dituzte hitzorduan parte hartzera, eta horietako bat da Juaristi. Azkoitiarrarentzat hitzordu "garrantzitsua" da Asalto jaialdia.

Udane Juaristi. (Ana Abarisketa) Udane Juaristi artista azkoitiarrak beste hitzordu garrantzitsu bat du aurretik. Izan ere, datorren astean kaleko artea oinarri duen Asalto jaialdian izango da muralak margotzen, Zaragozan (Espainia). Orotara, hamaika artista deitu dituzte proiektuan parte hartzera, eta horietako bat da Juaristi. Asalton parte hartuko duten artistek Zaragozako Oliver auzoko neurri handiko horma bat margotu beharko dute. Juaristik, esaterako, okindegi bateko horma margotuko du, eta astebete izango du lana osatzeko. Azkoitiko margolariak azaldu duenez, Oliver auzoa "nahiko tradizionala" da, eta alde batera utzitako horma asko dago. Horregatik, auzoari "bizia" eman nahi diote, margolanak eta koloreak erabiliz, betiere auzoaren esentzia mantenduta. Paretak margotzeaz gain, ekintza ugari egingo dituzte han, hala nola arte tailerrak eta bisita gidatuak. Juaristirentzat "oso garrantzitsua" da Zaragozako hitzordua. Izan ere, "aspalditik" zuen hara joateko gogoa. Gainera, Asalto aretoz kanpoko galeria "oso ona" dela uste du azkoitiarrak: "Egiten dudan lana bertan geldituko da denbora luzez, eta modu horretan jende askok ikusiko du. Era berean, horma irudia sare sozialen bitartez jende ugarirena iritsiko dela iruditzen zait". Joan zen maiatzean Bartzelonan egin zen Contorno Urbano proiektuan parte hartu ostean, kaleko artea oinarri duten hitzorduetara eta jaialdietara joateko deiak sarriago jasotzen hasi zen Juaristi: "Kaleko artearen inguruko jaialdi eta azoka asko egiten dira, eta horietako batzuetatik deitzen hasi zitzaizkidan. Sare sozialen bidez asko zabaldu zen Contorno Urbanon egin nuen murala, eta horrek ate asko ireki zizkidan".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide