Luciano Juaristi 'Atanillo'-ri buruzko biografia liburua aurkeztuko dute zapatuan

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 4a

Joxe Miguel Saizar eta Joseba Urretabizkaia tolosarrek egin dute 'Atano X. gorputzez txikia, erraldoia kantxan' lana. Xibarit argitaletxearekin kaleratuko dute liburua. Larunbateko aurkezpen ekitaldia irekia izango da; 12:00etan hasiko da, udaletxeko areto nagusian.

Luziano Juaristi, Goiko Losan. (Ane Olaizola) Luziano Juaristi Alberdi (Azkoitia, 1932) pilotari ohiari buruzko biografia liburuaren aurkezpena izango da larunbatean, hilaren 8an, Azkoitiko udaletxean, 12:00etan hasita. UROLA KOSTAKO HITZAk abuztuan jakinarazi zuen liburua egiten ari zirela Joxe Miguel Saizar eta Joseba Urretabizkaia tolosarrak, eta larunbat honetan aurkeztuko dute Atano X. gorputzez txikia, erraldoia kantxan lana. Xibarit argitaletxeak Jentilak bildumaren barruan argitaratuko duen laugarren liburua da Atanillori buruzkoa. Patxi Astibirari, Miguel Mindegiari eta Arria II.ari buruzko biografiak dira aurretik kaleratu dituztenak. Larunbateko aurkezpen ekitaldia irekia izango da, eta nahi duen herritar orok bertaratu ahal izango du. Zenbakitutako edizioa izango da, eta 500 ale kaleratuko dituzte. Udaletxean egingo den aurkezpenaren ostean, Kontzejupean pilota partidak jokatuko dituzte Oteiza kirol elkartearen eskutik. Gaur egun 85 urte ditu Atanillok, eta bitan eskuzko pilota txapelduna izan zen azkoitiarra; hain zuzen ere, 1966an eta 1968an eskuratu dituzten txapelak, eta beste hirutan jokatu zuen finala. Azkoitiko Udalak hala erabakita, iaz Atano X.ak bota zuen Andramari jaiei hasiera eman zien txupinazoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide