Lesio larria du Mikel Azkoiti Real Unioneko jokalari azkoitiarrak

Urola Kostako Hitza 2018ko abuztuaren 25a

Osteguneko entrenamendu saioan ezkerreko belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Ebakuntza egingo diote datozen egunetan, eta errekuperazio luzea egin beharko du. Sei-zazpi hilabetez izango da berdegunetatik kanpo azkoitiarra.

Mikel Azkoiti partida batean. (Anaitasuna) Mikel Azkoiti Real Union Irungo taldeko atzelariak sei-zazpi hilabetez egon beharko du berdegunetatik kanpo; izan ere, ezkerreko belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen osteguneko entrenamendu saioan. Lesio larria da azkoitiarrak duena, eta ebakuntza egin ostean, errekuperazio fase luzea igaro beharko du. Ebakuntza datozen egunetan egingo diote, hantura jaisten zaionean. Real Unionek bihar hasiko du Espainiako Bigarren B Mailako denboraldia, Gimnasticaren aurka jokatuko duen partidarekin. Azkoitik ezingo du denboraldia hasi, eta Juan Dominguez entrenatzaileak aurreikuspenak aldatu behar izan ditu. Hain zuzen ere, Azkoitiren lesioa luzea izango denez, Julen Etxabeguren fitxatu du Irungo taldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide