Gaur, abuztuak 17, arratsaldean jokatuko dute Bikote Helduen Dantza Txapelketa Azkoitian, eta zortzi bikote ariko dira lehian 18:00etan hasita. Hasiera batean Balda plazan ziren txapelketa egitekoak, baina eguraldia tarteko Elkargunera lekualdatu dute Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako saioa.
16 urtetik gorako zortzi bikotek parte hartuko dute, eta horietatik sei eskualdekoak dira. Honako hauek dira bikote parte-hartzaileak: Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia), Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia), Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Leire Eizmendi eta Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia), Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia), Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara) eta Maider Aginaga eta Iker Belintxon (Lezo). Txapelketa bukatzean hainbat sari banatuko dute. Irabazleek 200 euro, oroigarria, txapela eta zapia jasoko dituzte. Bigarren sailkatzen direnek 180 euro eta oroigarria eskuratuko dute, eta hirugarrenek 170 euro eta oroigarria. Gainerako bikote guztiek ere 125 euro jasoko dituzte. Iaz gazteen mailako txapelketa jokatu zuten Azkoitian, eta Maider Aginaga eta Iker Belintxon nagusitu ziren.