Herrikoloreak egitasmoaren sustatzaileak. (Herrikoloreak)
Herriko loreak nahiz herri koloreak azaleratzera dator Azkoitiko Herrikoloreak egitasmoa. Irailaren 15ean ospatuko dute Azkoitiko I. Kultur Eguna, eta bertan, herriko kultur eta kirol taldeak kalera aterako dira, urte osoan zehar egiten dutena herritarrei erakustera. Hala, 65 ekintzaren bueltan egingo dituzte kaleko hainbat txokotan egun osoan zehar. "Askotan sentipena dugu herrian ez dela ezer egiten, eta egun batean 65 ekintza egiteko ahalmena baldin badago, gauza asko egiten diren seinale da". Horrela bada, Azkoitian loratzear da udaberria.
Ekaitz Arrese, Inge Beloki, Oihana Izagirre, Ainara Garcia, Koldo Uria, Esti Ansola eta Lourdes Godoy dira egitasmoaren sustatzaileak. Belokik azaldu duenez, lagunarteko elkarrizketa batean sortu zen proiektuaren ideia. "Komentatzen hasi ginen ederra izango litzatekeela Azkoitian zerbait ezberdina egitea kulturari bultzada emateko. Hasieran, musikarekin lotutako zerbait egitea pentsatzen hasi ginen, baina gero konturatu ginen gauza asko egiten direla herrian, eta horietako askok ez dutela ikusgarritasunik. Orduan hasi zen sortzen ideia: 'Eta hau dena kalera aterako bagenu egun batean?'".
Azkoitiko I. Kultur Eguna izena jarri diote egunari, baina kultura "zentzu zabalean" ulertuta. "Ulertzen dugu kultura herri batean mugitzen den dena dela". Horregatik, denetarik egongo da irailaren 15ean: kirola, musika, erakusketak, tailerrak, tour historikoak... "Hasiera batean lagunarteko ideia bat baino ez zen, baina pixkanaka handitzen joan da egitasmoa".
Dagoenari ikusgarritasuna ematea da Herrikoloreaken helburua. "Herrian badago mugimendua. Gauza asko egiten dira anonimotasunean, eta horiek denak kalera ateratzea nahi dugu, jendeak herrian zer dagoen ikusteko aukera izan dezan", adierazi du Belokik. Ikusgarritasuna bermatzeaz gain, herriko taldeen artean harremanak saretzea ere bada Kultur Egunaren helburua. "Egun batez denok kalera aterako gara, eta ez dugu uste hori errepikatuko denik. Baina asmoa da egun horrek taldeen arteko harremanak saretzeko balio izatea, eta aurrera begira, gauza gehiago egitea elkarrekin. Zerbait piztea nahi dugu, bide bat irekitzea".
Loreak zertarako?
Egitasmoaren izenaren bidez, paralelismo bat egin nahi izan dute kulturaren eta loreen artean. "Askotan ez zaie ematen loreei duten balioa. 'Zertarako loreak? Segituan zimeldu egiten dira eta', pentsatuko dute zenbaitek. Eta zertarako kultura? Zertarako gastatu dirua horretan? Gure ustez, behar-beharrezkoak dira biak, eta ideia hori transmititu nahi izan dugu".
Proiektuaren sustatzaileak aurrez aipatutako zazpi lagunak badira ere, hainbat herritarren laguntza izan dute ideia garatzerakoan. Besteak beste, Azkoitiko Udalaren, tabernarien, enpresarien eta merkatari txikien laguntza jaso dute, eta, horrez gain, kamisetak eta poltsak saldu dituzte, diru iturri moduan. Herrikoloreaken abestia ere sortu dute, Urtzi Azkueren eta Erniarraitz elkartearen laguntzarekin, eta, orain, bideoklipa prestatzen ari dira. Aitor Goenaga ari da bideoa egiten, eta beraien asmoa da abuztuaren 15ean, film laburren aurretik, proiektatzea.
Irailaren 15a egun "bizia, alaia eta koloretsua" izango dela imajinatzen dute sustatzaileek, herri osoa kalera ateratzea litzateke haien nahia. Haien arabera, herrian "dinamika polita" sortu da Herrikoloreak egitasmoaren bueltan. "Jendearengan ilusioa piztu du, jendeak badauka gogoa".