Aurten ere Azkoitiko Andramari jaien barruan Inazio Iriarte margo lehiaketa egingo dute, 37. urtez. Abuztuaren 17an, ostirala, izango da lehia, eta aurtengo gaia Azkoitia da. Lehiaketan nahi duten denek parte hartu ahalko dute, eta ez dago dimentsio, teknika eta lan kopuruaren mugarik.
Lehiaketan parte hartzeko, margolariek egunean bertan joan beharko dute Torre Zuri erakustokira, eta 09:00etatik 10:00etara bitartean zigilatu beharko dituzte lanak. Bertan, lanak egiteko beharrezkoa duten materiala banatuko dute. Lanak herrian zehar eta aire zabalean egin beharko dira.
Goiza margotzen emanda, 15:00etarako aurkeztu beharko dira margolanak, Torre Zurin. 19:30ean irekiko dute Torre Zuri erakustokia lanak ikusteko, eta ordu berean emango du epaimahaiak erabakiaren berri. Guztira, 1.800 euro banatuko dira saritutako lanen artean. Margolanak irailaren 11tik aurrera jaso ahalko dituzte egileek.