Idoia Uranga Go!azenen platoan. (Kris Fernandez)
Zeintzuk dira aktoreen zuzendariaren eginbeharrak?
Batetik, gidoiak eta tramak ondo doazela begiratu behar duzu, hau da, bat doazela. Bestetik, ordena kronologikorik ez dugu jarraitzen grabatzerakoan, eta garrantzitsua da pertsonaia bakoitzari momentuan zein egoera emozionaletan egon behar duen kokatzen laguntzea. Istorioa kontatzen ari garen planoa egokia izatea ere kontuan izan behar da. Baina denaren gainetik, aktoreen antzezpena zaindu behar da. Beraien antzezpenak nondik nora joan behar duen zuzendu behar duzu. Zaindu, babestu, eta ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen naiz, lanik hoberena irten dadin.
Nolakoa da zure lanegun bat?
07:00etan jaikitzen naiz eta egunean izango ditugun sekuentziak begiratzen ditut. Lanera iristean, kafea hartu eta errealizadorearekin biltzen naiz sekuentziak nola grabatu eta kamerak non jarri erabakitzeko. Ondoren, makillatzeko eta janzteko guneetara joaten naiz, ea aktoreak prest dauden ikusten dut, eta testua errepasatzen dugu. 19:30ak arte grabatzen dugu. Etxera joatean, bainatu egiten naiz eta hurrengo eguneko sekuentziak prestatzen hasten naiz.
Go!azen-en arrakasta izugarria izan da. Zein da sekretua?
Ez dut uste sekretu magikorik dagoenik. Hainbat faktore daude, eta horiek batzean sortzen da arrakasta. Batetik, musika, dantza... erakargarria egiten zaizkie gazteei. Bestetik, pertsonaietan ahalik eta estereotipo gehien izaten saiatzen gara. Errealitatean denok desberdinak eta ederrak gara, eta hori islatzen saiatzen gara. Gazteak pertsonaia batekin edo birekin identifikatzen badira, kateatu egiten dira. Azkenik, erritmo bizia du telesailak, barre egiten duzu, eta dena uztartuta, gazteen gustukoa izatea lortzen da.
Estereotipoak aipatu dituzu, eta zentzu horretan kritikak ere jaso ditu telesailak.
Noski, eta kritikak onartzen ditugu. Ezer ez da perfektua, beti dago akatsen bat. Baina ez da nahita egiten den zerbait. Kritika horiek kontuan hartzen saiatzen gara, eta telesailean sartzen ditugu. Gorpuzkera desberdinetako pertsonaiak, gaixotasunak, harremanak... saiatzen gara denak sartzen. Beti egongo da ahazten zaigun zerbait, baina ideia nagusia gizartearen arlo eta gai desberdinak ordezkatuta egotea da.
Kritikak kritika, Euskal Herriko gaztetxoek euskal produktua kontsumitzen dute Go!azeni esker. Zer garrantzi du telebista publikoak euskarazko halako edukiak sortzeak?
Hizkuntza, hori da gakoa. Produktu bat nahiz eta Euskal Herrian sortutakoa izan, bertan ez bada euskaraz egiten, beti sortzen da zalantza bera: hori euskal produktua al da? Hizkuntza da oinarria, eta gu beti saiatzen gara euskarari bultzada ematen. Bideo jokoak, youtuberrak... gaztelaniaz edo ingelesez kontsumitzen dira. Euskara da gure hizkuntza, eta ditugun baliabideekin sustatzen saiatu behar gara. Eta
Go!azenen hori egiten dugu. Euskara txukun batean egiten dugu, nik euskalkiak eta hitanoa faltan botatzen ditudan arren. Baina leku guztietan ulertzeko euskara egin behar duzu.
ETB1ek azken urteotan fikzio gutxi sortu eta eskaini du. Zergatik izan daitekeela uste duzu?
Beti da zaila produktu bat ekoiztea, saltzea eta kontsumitzea. Orain hamar urte zaila zen, eta egun ere zaila da. Zergatik egiten zen lehen fikzio gehiago? Galdera hori beste batzuek erantzun behar dute, diru publikoa non gastatu erabakitzen dutenek.
ETB1eko bi telesail arrakastatsuenetan parte hartu duzu.
Ez dut ezer txalogarririk ikusten. Zorte kontua dela esango nuke. 21 urterekin hasi nintzen lanean,
Goenkaleko Beatriz pertsonaiari esker. Nire bizitzako etapa oso polita izan zen, eta asko ikasi nuen. Zazpi denboraldi egin nituen, eta, ondoren, aktoreen zuzendari bezala hasi nintzen. Hori berezia izan zen; produktu berdinean kamera aurretik atzera salto egitea. Orain
Go!azenen nago, eta beste mundu bat da, zoramen hutsa.
Zertan dira antzekoak bi telesailak? Eta zein dira desberdintasunak?
Desberdintasun nagusia teknikoki dago. Asko aldatu dira gauzak baliabide teknikoetan, eta asko aurreratzea lortu da. Grabazioak erraztu ditu. Hala ere, pertsonak beti pertsonak dira, eta elkarlanak eta laguntasunak berdin jarraitzen dute.
Goenkalen aktore lanetan aritu zinen. Nola oroitzen zara garai hartaz?
Izugarria zen, Euskal Herriko edozein herritara joanda ere, ezagunak ginen. Gauza onak bakarrik entzuten genituen, eta hori eskertzekoa zen. Horrek bere arriskuak ere bazituen, ordea; fama burura igotzekoa. Nik argi nuen denbora jakin baterako lana zela, eta ikasten jarraitu nuen. Ikasitakoari esker, kamera atzean ere lan egin dezaket.
Famaren alde txarra ere bizi izan zenuen, beraz.
Nekagarria eta itogarria izan daiteke une batzuetan, baina jakitun izan behar zara ikus-entzuleei esker zaudela lanean. Ezin duzu erabaki jendea noiz gerturatu edo noiz ez, horrela da eta onartu egin behar duzu. Ikus-entzuleak baloratu eta errespetatu behar dituztela gomendatzen diet aktoreei. Hala ere,
Go!azeneko aktoreak zentzu horretan oso umilak eta jatorrak dira.