Sidenorren Azkoitiko lantegia. (Ana Abarisketa)
LSB-USO, CCOO eta UGT sindikatuek eta Azkoitiko Sidenor enpresak hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa lortu dute. Bost urterako hitzarmena da; hau da, 2019tik 2023ra bitartean Azkoitiko lantegirako balioko duena. Ostiralean elkartuko dira bi aldeak hitzarmena txukuntzeko eta bukatzeko.
LSB-USO sindikatuak azaldu duenez, Azkoitiko enpresako 400 langileren baldintzak hobetuko dira akordioa tarteko, eta, gainera, lantegiaren jarraipena bermatzea eta lansariak igotzea ahalbidetuko du hitzarmenak. Izan ere, aurrekoardioan jaso dutenez, lansariak %9,5 igotzea jaso dute bi aldeek. Bestalde, aurrejubilazioen sistema zabaltzea ere erdietsi dute.
Horrenbestez, 62 urte betetzen dituzten eta 61 urterekin boluntarioki eskatzen dutenek izango dute aurrejubilatzeko aukera. Azken puntu horri esker 82 lagunek izango dituzte onurak. Horrez gain, aldi baterako langileen %15i kontratu finkoa egitea ere hitzartu dute. Lan Batzorde bat ere eratuko dute beharginek, lan antolaketa, atsedenaren kudeaketa, malgutasuna eta guardiak kudeatzeko.
LSB-USOko kideentzat oso garrantzitsua da hitzarmena, Azkoitiko Sidenor lantegia indartzeko eta 400 lanpostuan bermatzeko balioko duelako. Gainera, USO-LSB sindikatuak urteetan egindako eskaerak ere jaso dituzte azaldu dute.