Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Herri Moimentue taldea hasi da andramaietarako txosnagunea prestatzeko lanetan, eta hura aurrera eraman ahal izateko, iaz bezala, gazta zozkatzeari ekin diote batzordeko kideek. Joan den ostegunean jarri zuten postua horretarako, baina salatu dutenez, zozkatu aurretik kendu egin behar izan zuten postua, "udaltzainen mehatxuen ondorioz".
Takdeak adierazi duenez, postua jarri ahal izateko baimenak sortu zuen izan zuen udaltzainekin izandako "tirabira": "Aurreko urtean bezala, gazta zozkatzeko postua jarri genuen: mahai bat eta Zenbat pixatzeu gaztaiek? Egin apustu, euro bat zioen pankarta jarri genituen plazan. Iaz, ez genuen baimenik eskatu behar izan, eta joan den astean, postua jarri baino lehen udaltzainei galdetu genien ea plazan jartzerik izango al genukeen, iaz ere hala egin genuelako. Haiek esan ziguten, iaz modu horretara egin bagenu, ez zegoela inongo arazoik". Ordea, taldeak adierazi du postua jarri eta ordu laurden ingurura beste udaltzain batzuk joan zitzaizkiela, baimenik ez zutela eta, "modu txarrean" postua kentzeko eskatuz. "Erantzun genien ez genuela kenduko, batetik, plazan egoteko baimenik behar ez dugula uste dugulako, eta, bestetik, dirua irabazteko asmorik ez genuelako; izan ere, festak antolatzeko zozkatzen dugu gazta". Taldeak salatu du udaltzainek pankarta kendu zutela orduan, eta indetifikatzeko eskatu zietela. Gazteek, ordea, ez zuten beraien burua identifikatu, egoera "bidegabea" zelakoan. Bi aldeen arteko tirabiran, batzordeko kideek adierazi dute udaltzainek atxilotzeko mehatxua egin zietela, eta, egoeraren aurrean, postua kendu behar izan zutela.
Herri Moimendue taldeak bere "haserrea" eta "harridura" agertu du osteguneko gertakariaren inguruan, plazan gazta bat zozkatu eta kalean halako ekimenak egin ahal izateko "baimen burokratikorik" behar ez dela irizten baitiote. Era berean, "ziurrenik" udalera joko dutela aurreratu dute, Udaltzaingoaren "jokabide txarra" dela eta.