Balio anitzeko lau peoi kontratatzeko hautaketa prozesua abiatu du Azkoitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 20a

Azkoitiko Udalak balio anitzeko lau peoi kontratatuko ditu Urola Ekiten programaren baitan, eta interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena Lanbiden. Kontratatuko dituzten lau langileetatik hiruk sei hilabetetako lanaldia izango dute, eta langile bat hiru hilabetez arituko da lanean. Guztiek ere lanaldi osoa izango dute. Honako profilak dituztenei zuzendutako deialdia da udalak abiatu duena: lau lanpostuetatik bi 55 urtetik gorako gizonezko eta emakumezkoek osatuko dute — bata gizonezkoak eta besteak emakumezkoak–; hirugarrena 45 urte baino gehiago dituen eta sei hilabete baino gehiago daraman pertsonak beteko du; laugarren postua, azkenik, langabezian dagoen emakumezkoei zuzenduko diete. Horiek guztiek, besteak beste, mendietako sasiak garbitu, pistak egokitu, landa bideetako bidegurutzeetan seinaleak jarri, iturriak konpondu eta behatokiak prestatuko dituzte. Lanbidek diruz lagunduko ditu kontratazio guztiak, eta uztailaren 25era dago izen emate epea zabalik. Horiek hainbat baldintza bete beharko dituzte; besteak beste, eskola ziurtagiria, lorezaintzan esperientzia, ahozko euskaran maila altua eta langabea izatea, Lanbiden izena emanda egotea eta Urola Erdian bizitzea ezinbestekoak dira. Informazio osoa Azkoitiko Udalaren webgunean aurkitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide