'Toc Toc' filmaren aire zabaleko emanaldia Azkoitiko Oteiza pilotalekuetatik plazara lekualdatu dute

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 20a

Espainiako Zine Akademiak antolatzen duen Naturgi zine ziklo ibiltaria Azkoitira iritsiko da gaur gauean, baina eguraldi iragarpenaren eraginez, plazan izango da aire zabaleko emanaldia, Oteiza pilotalekuetan izan beharrean. Udalak adierazi duenez, alternatiba desberdinak aztertu dituzte, eta azkenean plazara lekualdatzera erabaki dute, "bestela ez baitago pantaila edota materiala kaltetuko ez direnaren segurtasunik". Hain zuzen ere, bihar Silence eta Gatibu taldeen kontzertuetarako karpa jarrita dago plazan, eta pantaila ere han kokatuko dute. Toc Toc umorezko filma (Espainia, 2017) eskainiko dute Azkoitian Naturgi zikloaren barruan, eta emanaldiaren aurretik, 21:30ean, Vicente Villanueva filmaren zuzendariak aurkezpena egingo du. 22:00etan emango dute filma.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide