Azkoitiko IDO taldea eta udala aldundiarekin elkartu dira, igerilekuaren arazoa eta proiektua aztertzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 19a

Azkoitiko igerilekua. (Elkargunea) Azkoitiko Instalakuntza Duinak Orain taldeko eta udaleko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendari Goizane Alvarezekin elkartu ziren asteartean, Zubiaurre igerilekuan dagoen arazoaz hitz egiteko asmoz. Taldeak eta Udalak hainbat pauso eman dute orain arte, eta, hain zuzen ere, egindako lana aurkeztu zioten Alvarezi; besteak beste, igerilekuaren inguruko azterketaren eta arazoa konpontzeko balizko alternatiben berri eman zioten. Udalak jakinarazi duenez, orain arte egindako lana "txalotu" zuen bilera hartan aldundiak, "egoeraren ikuspegi orokorra" edukitzea lortu dutelako. Finantziazioari dagokionez, ordea, dagoeneko 2017-2020 aldiari dagozkion diru laguntzak esleituta dituztela adierazi zieten. Beraz, hiru urte itxaron beharko dute aldundiak kirol inslatazioak berritzeko ematen dituen diru laguntzak jaso ahal izateko, eta Azkoitiko proiektuak horretarako "aukera asko" izan ditzakeela adierazi zien aldundiak. Dena den, dagoeneko zenbait pauso eman daitezkeela aurreratu du udalak. Batetik, proiektua egiteko eta obraren zuzendaritzarako behar dituzten 175.000 euroak datorren aurrekontuetan sartzea aztertzen ari da udala; bestetik, udalak dituen proiektuen artean lehentasunak jarri eta hura gauzatzeko dirua nola lortu pentsatu beharko duela adierazi dio aldundiak. Izan ere, igerilekua berritzeko proiektuak 1.538.073,35 euroko gastua izango duela aurreikusi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide