Mirari eta Xabier Artetxe, Dean tabernan. (Ane Olaizola)
James Dean AEBetako aktore ezaguna 24 urte zituela hil zen, baina haren izena daraman Azkoitiko Dean tabernak 40 urte egingo ditu bizirik hil honetan. Bere sorreratik ez da edonolako taberna izan Dean, asko baitira haren berezitasunak; bailarako lehenengo eta Gipuzkoako aurrenengotako pub-a izan zen, eta egun kopa tabernak normaltzat hartzen badira ere, duela lau hamarkada berrikuntza handia izan zen herriarentzat.
1978ko Santio egunaren atarian, lau lagunek zabaldu zuten herriko plazan taberna. Urte batzuen ostean, Juan Esteban Artetxek hartu zuen tabernaren ardura, eta duela lau urte hura hil zenetik, haren arreba Mirari Artetxek eta iloba Xabier Artetxek kudeatzen dute Dean. Tabernaren sorreran, James Dean aktorearen argazkiz josi zituzten hormak, eta piano bat ere jarri zuten tabernaren atzealdean. Sarreran, berriz, aktorearen irudia eta izena zituen errotulu handia eskegi zuten. "Taberna ireki zutenak modernoak ziren, James Dean bera bezala. Errebeldea eta gazteen ikonoa zen aktorea; neskei zein mutilei gustatzen zitzaien. Zerbait desberdina zelako jarri zioten izen hori tabernari", esan du Mirarik.
Itxuraz ez ezik, musikari zegokionez ere ezohikoa zen taberna. "Ordura arte, Benito Lertxundi entzuten genuen tabernetan, eta hemen beste giro bat zegoen". Dean tabernan nahiago zituzten beste musika estilo batzuk: besteak beste, The Cure, The Police, Nacha Pop, El ultimo de la fila, Lou Reed, Boney M, Queen, Radio Futura edota Mikel Laboaren doinuek girotzen zuten inguruko hainbat gazteren bilgune bilakatuko zena. Sasoi hartan oso gaztea zen artean Mirari, baina jendea bailara osotik joaten zela hara gogoratzen du, baita Zumarragatik eta Bergaratik ere.
Mugimendu handiko garaiak egokitu ziren Deanen lehenengo urteak; gizartearen aldaketak, musikaren eta kulturaren pizkundeak edota ekonomia krisiak bat egin zuten, testuinguru horren guztiaren lekuko ere izan da Dean. "Gauza asko pasatu dira hemen. Esaterako, duela hamarkada batzuk drogak gogor jo zuen herria, eta mendekotasuna zuten pertsona batzuk taberna inguruan elkartzen ziren. Dezente antzeman genuen orduan beherakada, eta gaizki pasatu genuen. Asko kostatu zitzaigun egoerari buelta ematea".
Betikoari eutsi nahian
"Aurreko batean, lagun bat ikastaro batera joan zen Bilbora, eta Santanderreko pertsona bat ezagutu zuen. Hark esan zion Azkoitian Dean taberna ezagutzen zuela, eta ea berdin jarraitzen duen galdetu zion". Dekorazioari dagokionez, behintzat, hala segitzen du. "Ahalik eta gauza gutxien aldatu izan dugu, betiko itxura manten dezan tabernak", dio Xabierrek. Musikari dagokionez, berriz, jakitun dira joerak aldatu egin direla, baina Xabierrek azpimarratu du saiatzen direla tabernaren hasierako "esentzia horri" eusten: "Betiko bezeroak etortzen direnean, orduko musika jartzen dugu. Lehen, ordea, jendeak garrantzia handiagoa ematen zion musikari, eta azken hamarkadan asko aldatu da musikagintza. Gazteek beste musika bat entzuten dute orain, eta zentzu horretan, aldaketa eman dugu guk ere. Dena den, Deanek betiko esentzia mantendu nahi badu, betiko musika horri eutsi beharko dio".
Urteak igaro ahala, berriz, belaunaldi desberdinen elkargune bihurtu da Dean. "Hasieran, gazteak elkartzen ziren hemen, eta orain ere bai. Baina lehen etortzen ziren gazteek seme-alabak izan dituzte, eta horiek umeekin etortzen dira; inoiz baino ume gehiago etortzen da orain hona". Aldaketa hori, besteak beste, taberna plazara zabaldu izanaren ondorio dela adierazi dute biek.
"Etxekoa" da Dean, eta askok beren egiten dute taberna. Aurrera begira ere, hori horrela izan dadin nahi dute artetxetarrek, beti ere, tabernak dituen berezitasunak mantentuz. 40 urteko ibilbidean izan dituzten bezeroei eskerrak emateko asmoz,
ospakizun asteburua dute aurretik Deaneko kideek.